Debabarreneko Ikasten elkarteko La Novena taldeak Pareja abierta eta La mujer Sola helduendako antzerki emanaldiekin hasiko dira Martxoaren 8aren bueltan antolatu dituzten ekitaldiak. Zapatuan dira antzerki-saioak, 20:00etan, antzokian, Soraluzeko Udaleko Parekidetasun Batzordearen eskutik.
Pankarta balkoian
Horrez aparte, martxoaren 8an, Udaleko alderdi politiko guztiek eta Korner Moreak adostutako aldarrikapena duen pankarta ipiniko dute udaletxeko balkoian. Anitzak, bizirik, askeak eta berdinak leloa izango du pankarta horrek.
Horrez aparte, egun berean film ikuskizuna izango da: 21:00etan, Mike Mills-en Mujeres del siglo XX filma izango da, antzokian. Eta hurrengo egunean, martxoaren 9an berriz, Histeria kolektiboa taldearen Inundación antzezlana taularatuko dute, 22:15ean, hori ere antzokian eta Emakumeen Topagunearen eskutik.
Elkarretaratzea eta beste
Korner Morea elkarteari dagokionez, berriz, martxoaren 8rako bi dei egin ditu: ekimenak abiatzeko, elkarretaratzea antolatu du 12:00etan, Plaza Berrian, Udalaren babesarekin. Eta bestetik, Pintxo pote aldarrikatzailea egingo dute, iluntzean. Hain zuzen, 19:00etan da azken ekimen horretarako hitzordua, Plaza Berrian (euro bat).
Ondoren, zapatuan, Nazioarteko III. Kuleruak Buruan eguna antolatu dute, bi ekitaldi oinarri: 13:00etan, Gaztelupe tabernan hasita poteoa egingo dute, eta 15:00etan, bertso bazkaria, hori ere Gaztelupen. Bertaratzeko txartelak salgai daude dagoeneko.