Ate irekiak gaur, abesbatzara kide berriak erakartzeko

Ubane Madera 2018ko ots. 28a, 11:59
Ezoziko Ama Abesbatza azaroko kontzertuan.

Gaur, eguaztena, ate irekien jardunaldia egingo du Ezoziko Ama Abesbatzak. 20:30ean da hitzordua, euren entsegu-lokalean (Batzokiko lehen solairuan). Zuzendari berria dute abesbatzan, abenduaz geroztik: Aitor Garitano bergarar gaztea. Hori horrela, abesbatzako kideek uste dute “momentu ona” dela “herriari deialdia egiteko eta abesbatzara gerturatzeko.

Zuzendari berriak, programa berria ekarri du eta garai berria estreinatu du Soraluzeko abesbatzan. “Programa oso erakargarria ekarri du, denondako, baina bereziki, gazteendako eta gazte sentitzen diren guztiendako: Michael Jackson, Ken Zazpi, Queen… eta halako kantuak. Zuzendaria bera ere oso gaztea da”, adierazi dute abesbatzatik.

Gazteak

"Ea jende gaztea animatzen den abesbatzara; ilusio momentua bizi dugu, indarberrituta ere bagaude zuzendari berriarekin eta batzuetan behar izaten da norbaitek atea zabaltzea”, gaineratu dute. Eta gogora ekarri dute  “pazientzia eta gogoaz, eta belarri onaz” aparte, ez dela behar aparteko ezer abesbatzako kide izateko, alegia, abestearekin edo musikarekin lotutako ikasketarik ez dela behar abesbatzan parte hartzeko.

Gonbita hortxe dago, bada, ateak zabalik ditu beti Ezoziko Ama Abesbatzak bertaratu nahi duen edozeinendako, baina bereziki zabalduko dituzte orain, zuzendari berria etorri dela aprobetxatuta.

Santa Agedako eskearekin abiatzen du Ezoziko Ama Abesbatzak urteko denboraldia; ekainean-uztailean egiten du beste kontzertu bat; Santa Zezilia dator ondoren, eta Gabonetan egiten dute urteko azkeneko saioa. Horixe da Soraluzeko abesbatzaren jardun oinarrizkoa. Hortik aparte, irteeraren bat edo elkartrukeren bat ere egin izan dute. Entseguak, berriz, astean behin egiten dituzte, eguaztenero, 20:30ean, Batzokiko lehen solairuan.