Mara-mara dena zuri-zuri laga duen arte

Erredakzioa 2018ko ots. 28a, 10:16

Elur geruza zuri batek estalita esnatu da gaur Soraluze. 05:00etarako dagoeneko zurituta zeuden bazterrak, eta harrezkero eten barik dihardu elurra egiten. Errepideak zurituta, hainbat istripu eta buruhauste eragin ditu elurrak. Institutuak, esaterako, bertan behera utzi ditu eskolak. Eta badira lanera joan ezin edo etorri ezinda geratu direnak ere. (Argazkiak: Angel Garcia, Iker Aldazabal eta Ubane Madera). 

Herri barrua zein kanpoa; guztia elurtuta dago goizean goizetik, elur siku geruza batek estalita. Zubian 8 bat zentimetro pilatu da barandetan, adibide bat jartzearren.

Istripuak

Kalean, ohi baino jende eta ibilgailu gutxiago dabilen arren, izan dira goizeko lehen orduan lanera joan nahian istripua izan dutenak. Esaterako, udaletxetik beherako aldapan hiru bat autok irrista egin eta euren artean zein bazterren kontra kolpeak hartu dituzte, txikiak izan arren.

Olako zubian, berriz, autobusa gurutzatuta geratu da, eta haren ondotik kamioia ere. Biak ala biak egon dira ez atzera eta ez aurrera.

Eskola bai, Institutua ez

Institutuak, berriz, bertan behera utzi ditu eskolak, irakasleak etorri ezinda daudelako. Ez, horrela Plaentxia Herri Eskolak. Azken horren kasuan, irakasle zein ikasle batzuk bertaratu ez diren arren, eskolak normaltasunez ematen dabiltzala adierazi dute.

Traktorea herri barruan

Elurra kentzeko traktorea buru-belarri dabil udalerriko erdigune inguruak garbitzen. Horixe izango du gaur lehentasun, Iker Aldazabal alkateak esandako moduan. Harik eta ikusi arte atertzera egiten duela. Gero abiatuko da baserri auzoetara, hango bideak garbitzera.

Horrez aparte, gatz zakuak ere lagata daude udalerriko hainbat puntutan, eta garbiketa lanak egiten jardun dute udal langileek puntu kritikoetan: igogailuen sarrera-irteeretan, aldapetan eta abar.

Soraluzetik kanpoko egoerari dagokionez, hor ere buruhausteak dabiltza nagusi izaten. Adibidez, soraluzetar batek bi ordu pasa eman ditu Soraluze-Elgoibar artean, AP8 autobidean ataskatuta geratu ondoren. Soraluzen diharduten Elgoibarko langileak, berriz, etorri ezinda geratu dira.

Eguerdira arte

Eguraldi adituen arabera, eguerdira arteko elurtea izango da gaurkoa. Euskalmetek dio orduak pasa ahala bi aire masak nahasten joango direla eta eguerditik aurrera atertzeko joera hartuko duela ia denean; hala ere, ekialdean oraindik elurra egin dezakeela ere abisatzen du. Hego-ekialdeko haizea zakartu egingo da goizean eta horrek epeltzen lagunduko du, bereziki arratsaldean.