Egundoko hotza

Ubane Madera 2018ko ots. 27a, 18:33

Izotz kandelak, Arraikua inguruan. Argazkia: Frantziska Iraolagoitia.

Iragarrita zegoen, eta bete da aurreikuspena: gaur egundoko hotza egin du Soraluzen ere. Termometroek nekez markatu dute 4 gradu baino gehiago egun osoan, eguzkitsu egon arren. Eta biharko elurra iragarri dute adituek, baita kostaldean ere.

Gaurko hotz handiaren adierazle argazkiko kandelak. Euririk egin ez arren, ur-tantak zeuden leku batzuetan kandela bilakatu dira haiek. Argazkia Arraikuan ateratakoa da, Erregetxera jaisten hasi baino lehenago, etxe urdinen aurretik. 

Biharko elurra

Biharko, berriz, elurra dago iragarrita. Euskalmetek zera dio: "Asteazkenaren lehenengo partean neguko eguraldia izango dugu edonon; giroa goibela izango da, hotz egingo du eta elurra egingo du hainbat tokitan, baita kostaldean ere. Hegoaldean elurra indar handiagoz egingo du. Eguerditik aurrera tenperaturak epeltzera egingo du eta elur-kota azkar igoko da. Elurra egin beharrean, euria egingo du orduan, mendi inguruetan izan ezik, eta prezipitazioa noizbehinkakoa izango da; kantauri isurialdean atertzera egingo du nabarmen orduan. Egunaren amaieran izango dugu tenperaturarik altuena eta elur-kota 1500 metro inguruan egongo da. Elurraz aparte, hego-haizea ere albiste izango da, zakar ibiliko baita, batez ere ekialdeko eskualdeetan".

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Soraluzeko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 699 86 87 29 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @plaentxia kanalera.