Joan den astean hasi zituzten lanak, eta ondo bidean, egun hauetan borobilduko dituzte. Laburbilduz, zoruan egiten dabiltza egokitzapenik handienak, parkearen alde bietan.
Hain justu ere, gune lasaian, hau da tipi bakarra eta egurrezko mahaia dituen esparruan harri-harea botatzen jardun dute goizean, zoru berezia sortzeko, oraingoa baino “gozoagoa”.
Hareatza ere bai
Ondoren, haren gainean egokituko dute hareatza edo harez egindako jolaserako gunetxoa, proiektuan aurreikusita zegoen modura. Eta haren ondoko paretan, eskailera ondokoan, berriz, eskalada egiteko presak ipini dituzte.
Parkearen beste aldeari dagokionez, han besteak beste, txirrista aurreko zorua dabiltza egokitzen. Berez, lehenagoko parkeak zuen kautxua aprobetxatu eta zorua harekin egokitzea zegoen aurreikusita; baina, haren egoera dela-eta, kautxu berria ekarri eta harekin dabiltza txirrista aurreko zorua ipintzen.