"Azken 9-10 urteotan %9,75eko erosteko ahalmena galdu dugu"

Ubane Madera 2018ko ots. 24a, 09:05

Mauri Muro Pil-pilean elkarteko balkoian.

Mauri Muro pentsiodun soraluzetarra “oso haserre” dago pentsioen igoera dela-eta. Azpimarratu nahi izan du, besteak beste, berak moduan beste pentsiodun askok astero-astero plazaratzen diharduten haserre hau ez dela oraingoa, ezta gutxiago ere. 

Zer gertatu da, bada, orain haserrea publiko egiteko?

Sare sozialek dinamizatu egin dute pentsiodunen artean egon bazegoen haserrea, gobernu espainolaren %0,25eko igoeraren jakinarazpena abiapuntu hartuta. Ondoren, Euskal Herriko hainbat kolektibok zein erretiratu elkartek babestu egin dituzte protesta horiek.

Salatzen duzue, besteak beste, erosteko ahalmen handia galdu duzuela urteotan…

Bai. Ez da kontu berria, inola ere. Azken 9-10 urteotan erosteko ahalmenari dagokionez%9,75 galdu dugu. Hala ere, Fatima Bañez ministroak tontotzat hartzen gaitu eta dio oraingo %0,25eko igoerarekin ez dugula erosteko ahalmenik galdu, baizik eta  0,02 euro irabazi, lotsagarria da! Begira, datu bat: ETBn esan berri dute Euskal Autonomia Erkidegoko bizilagunen %20ak bizi duela pobrezia energetikoa, ezin diola aurre egin ezta argindarraren igoeraren gastuei ere.

Gainera, salatu izan duzue emakumeak direla gehien sufritzen dutenak. Zelako pentsioak dituzte batez beste?

800 eurotik beherakoak.

Zuek, berriz, uste duzue pentsio duina dela 1.080 eurokoa, ala?

Bai. Europako karta sozialak esaten du duintasunez bizi ahal izateko gutxieneko pentsioa hori dela.

Eta horren alde lehenago ere mobilizatu izan zarete, ezta?

75.000 sinadura batu genituen lau herrialdeetan, Gasteizko eta Iruñeko parlamentuetara bidaltzeko. Soraluzen, 373 sinadura batu genituen. Eskatzen genuena zen 1.080 euroko pentsio duina ez zuten horiendako konpentsazioa. Baina eskaerak ez zuen aurrera egin. Bestalde,  2014an errezeten koordainketa kentzea ere eskatu genuen, baina horrek ere ez zuen aurrera egin.

Krisia ipini izan dute pentsioak gehiago ez igotzeko arrazoi modura…

Ez digu balio. Obra izugarrizkoak egiten ari dira, adibidez. Gainera min handia ematen du,  jakiteak, adibidez, BBVAko presidenteak %17 igo duela bere soldata: 5 milioi euro neto kobratu ditu; edo Ligako presidente Tebasek 1,2 milioi euro kobratu dituela… Eta gogoan izan beharra dago 1995etik 2010era 40.000 milioi euro atera dituzte pentsioen kutxatik, beste gauza batzuetan erabiltzeko; 2018ra arte askoz ere gehiago atera dute, hortaz… Horiek aitzakiak besterik ez dira.  Eta jarraituko dugu aldarrikatzen KPI kontuan har dezatela pentsioen igoera erabakitzerako orduan.