Datozen egunotan botako dute Gabolatseko eskailera

Ubane Madera 2018ko ots. 23a, 18:01

Botako duten Gabolatseko eskailera, gaur, barikua.

Espaloia botatzeaz batera botako dute, baita ere, Gabolats kalean 36. atariko eskailera, espaloia eteten duena. Dena ondo bidean, datozen egunotan eraitsiko dute berau. Construcciones Morga enpresa Gabolats kalea urbanizatzeko obren lehen fasea egiten dabil urtarrilaren amaieraz geroztik. 

Hain zuzen ere, bi fasetan egingo ditu lanak, eta orain, lehen fasean, kanalizazio berria sartzen dabil, saneamendurako hoditeria, alegia. 180 metro berrituko dituzte.

Plataforma bakarrean

Ondoren, hasiko dira kalea urbanizatzen, plataforma bakarrean ipintzeko, Plaza Zaharretik Estankora arteko zatian dagoen moduan. Uda hasierarako obra bukatuta egotea aurreikusten dute. 158.484,5  euroko (BEZ barne), inbertsioa egingo dute.  

Zirkulazioa udalerri barrutik

Lanak direla eta, zirkulazioa aldatu eta lanek iraun bitartean honako noranzkoetanibili beharko dute ibilgailuek:

  • Ezozibidea, 2-8 zenbakien arteko tartea bi norabideetan dago zabalik.
  • Kalebarren, Plaza Zaharra eta Gabolats kaleen norabidea aldatu egin da.
  • Gabolats eta Baltegieta kaleetako garajeetarako sarrera Zubi Nagusitik edo Etxaburueta kaletik barrena egiten da, irteera berriz, Gabolatseko zubitik.