Udalerria genero ikuspegitik aztertu eta bertako espazio publikoak zein azpiegiturak herritar guztien eskura egongo direla bermatzeko helburuarekin, bestela esanda, herritar guztion autonomia ahalbidetzeko helburuarekin dihardu Soraluzeko Udaleko Berdintasun Batzordeak Mapa Morea prestatzen; iazko udazkenean hasi ziren lanean.
Parte-hartze prozesua abiarazi zuten horretarako eta bertatik eratorritako dokumentua ere herritarren eskura dago.
Udalerriko esparruak aztertuta
Sakona da dokumentuak erakusten duen azterketa; ekimenaren nondik norakoak eta helburuak azaltzeaz batera, besteak beste, udalerriko hiru esparru aztertu dituzte: Plaza Zaharra, kiroldegia eta Estaziño inguruak, funtzionaltasunaren, irisgarritasunaren, segurtasunaren… ikuspegitik.
Horiekin batera, udalerriko bestelako pasabideren, kaleren eta esparruren gaineko diagnosia ere egin dute; hori proiektua dinamizatzen diharduen Projekta Urbes enpresak egin du, herritarrekin edo eragileekin osatutako lan-taldeetan ezin izan dutelako egin, denbora faltarengatik. Hala ere, azpimarratu dute “ezinbestekoak” izan zirela “herritarrekin izandako elkarrizketak eta solasaldiak”.
Edozein moduan, orain landu duten txostena herritarren ekarpenekin osatzea nahi du Udalak, eta horretara animatu nahi ditu. Eta horrexegatik prestatu du ere galdetegia, parte-hartze hori errazte aldera.