Ekainean egin nahi dute Eskola Bidearen proba pilotua

Ubane Madera 2018ko ots. 21a, 11:54

Eskola Bidearen aurkezpena atzo herriko antzokian.

Umeak eskolara oinez eta seguru joatea ahalbidetu nahi duen egitasmoa aurkeztu zuten atzo, martitzena, herriko antzokian: Eskola Bidea. Helburua da lehen hezkuntzako neska-mutikoei eskaintzea eskolara bakarrik joateko aukera, taldean, ibilbide seguruetatik eta laguntzarekin. 

Neska-mutikoen autonomia eta parte-hartzea oinarri dituen egitasmoa da Eskola Bidea. Bost eragile dabiltza berau lantzen: Atxolin Guraso Elkartea, Plaentxi Herri Eskola, Hezkuntza Proiektua; Soraluzeko Udala eta Kukumixo. Eta bi fasetan garatuko da:

1-      Diagnostiko parte-hartzailea, diseinua eta proba pilotua

2-      Inplantazioa

Lehen fasea abiarazita dago. Dagoeneko eskolan hainbat saio egin dituzte eskolara joateko udalerrian dauden ibilbideen gainean umeek duten pertzepzioa zein den jakiteko. Mapeoa egiten dabiltza orain, bestela esanda.

Horren ondoren, sor daitezkeen zalantzak, kezkak, beldurrak… argitze aldera beste saio berezi bat antolatuko dute, apirila-maiatza inguruan. Apirilean, baita ere, ibilbide proposamenak egingo dituzte eta helburua da ja ekainean proba pilotua egitea ume taldeekin.

Izan ere, bigarren fasea datorren ikasturtean gauzatu nahi da: inplantazioa, edo sikiera inplantazio proposamena.

Espazio publikoa berreskuratzea

Hori guztia aurkeztu zuten atzo herriko antzokian, Hezkuntza Proiektuko, Kukumixoko eta Udaleko ordezkariek, bertaratu ziren gurasoen aurrean.

Azken horiek, besteak beste, hainbat zalantza partekatu zituzten. Adibidez, umeak zela joango liratekeen eskolara: taldean bai, baina guraso boluntarioek lagunduta, begiraleek…

Ekimenaren bultzatzaileek esplikatu zuten bestelako udalerrietan hainbat modutara egiten dela Eskola Bidea, eta helburua dela Soraluzen guztien artean erabakitzea zela egin. Eta argi utzi nahi izan zuten, azken batean, helburua dela eskolarako bidea erraztea.

70eko hamarkadatik hona ibilgailuen mesedetan galdu den espazio publikoa berreskuratu eta lehen modu natural batean egiten ziren gauzak (eskolara oinez eta bakarrik joatea, adibidez) atzera ere egin ahal izatea, hain zuzen ere.

Aipatu ziren bestelako gaien artean, baita ere, gurasoek partekatu zuten garrantzitsua dela ekimen horren berri herri guztian zabaltzea, umeen segurtasuna bermatze aldera. Eta antolatzaileek jakinarazi zieten aintzat hartuta dagoela hori, eta udaltzainekin, merkatari elkarteekin-eta… harremanetan egoteko asmoa badela.