Hiltzen zegoen ubarroia atera zuten ibaitik, zapatuan

Ubane Madera 2018ko ots. 19a, 09:38
Ubarroia hilda, erreka bazterrean.

Zapatu arratsaldean agertu zen ubarroia ibaian. Akabatutako arrainak moduan, hura ere gaztetxe pare inguruan azaldu zen. Bizirik atera zuten Soraluzeko udaltzainek, baina hortik gutxira akabatu egin zen. 

Udaltzaingoak basozainari abisua pasatu zion, kontuan hartuta astean bertan arrainak hilda azaldu zirela. Basozaina gaur etorriko da hegaztiaren bila.  

Bestalde, Uraren Euskal Agentzia ere gertakariaren jakinaren gainean dago. Berretsi egin dute halako kasuetan ere 112ra abisatzearen garrantzia, hildako arrainen kasuan moduan, ahalik eta lasterren gertaeraren berri izan eta neurriak hartu ahal izateko.

Arrainak elikadura ia bakar

Bien bitartean, akabatutako ubarroia erreka bazterrean dago, poltsa batean gordeta haren bila etortzeko zain.

Pentsatzekoa da joan den astean akabatuta azaldu ziren arrainak jatearren akabatu dela hegaztia ere, haren oinarrizko elikadura dira-eta arrainak. Are gehiago, ubarroiak ia ez du jaten arraina ez den beste ezer. Edozein modutan, hegaztia analizatu arte, ezin da jakin %100ean zerk akabatu zuen.

Itsasotik gertuko ibaietan bizi diren hegaztiak dira ubarroiak. Soraluzen halako zortzi bat lokalizatuta izan dira; edozelan ere, Soraluze-Osintxu-Bergara-Elorregi inguru horretan bizi dira.