Pentsio duinak aldarrikatzeko manifestaziorako izen-ematea zabalik

Ubane Madera 2018ko ots. 15a, 09:39

Erretiratuak eta pentsiodunak oraingo astelehenean protestan.

Gaur zortzi, otsailaren 22an, pentsio duinak aldarrikatzeko manifestaziora joateko autobusa antolatu dute Soraluzetik. Izena eman daiteke astelehenera arte, Itxaropena elkartean. Doan da. Hasieran esandako moduan Bilbora beharrean, Donostiako manifestazioan parte hartuko dute soraluzetarrek.

11:30ean hasiko da autobusa Donostian. Hori horrela, Soraluzetik 10:10ean irtengo da autobusa, esandako moduan, otsailaren 22an eta doan.

Astero kalean 

Urtarrilaren hasieratik astero egin dute elkarretaratzea Soraluzeko erretiratuek eta pentsiodunek Plaza Berrian. Gutxitan ikusten den erretratua errepikatu dute: pentsiodunak eta erretiratuak kalean protestan, astea joan eta astea etorri, kale egin barik, eguraldi eskasari aurre eginez, gehienetan.

Izan ere, oso haserre daude aurten pentsioetan izango duten %0,25eko igoera eskasarengatik, eta oro har, kezkatuta, dituzten pentsioekin asko nekez ailegatzen direlako hilabete amaierara.