'Soraluzeko estropadak' taldeak irabazi du aurtengo mozorro lehiaketa

Ubane Madera 2018ko ots. 13a, 20:33
'Soraluzeko estropadak' taldeko ordezkariak, saria jasotzen.

Estropadak irudikatzen zituen mozorroak, Soraluzeko estropadak izena zuenak irabazi du aurten mozorro lehiaketa. Bigarren izan dira Ezoziko Ama Ternuan irudikatu zuen kuadrilla eta hirugarren, berriz, Titanic-en hondoratzea. Plaza Zaharreko karpan bertaratutakoen txalo zaparra artean eskuratu dute saria hiru kuadrillek. 

“Mozorro asko izan dira eta giro oso polita izan zen. Lehenik eta behin, eskerrak eman mozorrotu diren guztiei. Tolosako inauteriak famatuak dira, baina martxa honetan Soraluzekoak ere oso famatu bihurtuko dira”.

Laster Tolosakoen pare

Berba horiekin aurkeztu du Mikel Leundak, Udaleko Kultura teknikariak mozorro lehiaketako sari banaketa. Horren ondoren iragarri ditu lehiaketak aurten izan dituen 15 taldeen artean puntu gehien eskuratu dituztenak: (argazkietan hiru talde irabazleak, hurrenez hurren)

  • 1-      Soraluzeko Estropadak, 83 puntu.
  • 2-      Ezoziko Ama Ternuan, 73 puntu.
  • 3-      Titanic-en hondoratzea, 69 puntu.

Nagore Zabalaren, Kultura zinegotziaren eskutik jaso dituzte sariak hiru taldeen ordezkariak. Hain justu, Zabalak aipatu du mozorro onenen aukeraketa ez dela erraza izan: “Herritarren botoak desenpatatu du”, esan du.  

Epaimahaia + herritarrak

Izan ere, puntuak bi modutara eskuratu dituzte taldeek: epaimahaiak emanda zein herritarrek Plaentxia.eus atariaren bitartez emanda.

Epaimahaia osatu dute Miren Etxabek (Eskolako Aratuste Batzordearen izenean); Mikel Leundak (Udal teknikariak); Domentx Uzinek (musikariak) Iker Aldazabalek (alkateak) eta Nagore Zabalak (Kultura zinegotziak).

Herritarrei dagokienez, berriz, honako hiru mozorroei eman dizkiete puntu gehien Plaentxia.eus atarian: Soraluzeko estropadei 81 puntu;. Pescasorari 71 puntu eta Ezoziko Ama Ternuan taldeari 60 puntu.