'Mintzalagunak. Sare bat inguruan. Bidelagunak alboan' dokumentala Soraluzen ikusgai

Ubane Madera 2018ko ots. 12a, 17:39

Dokumentala iragartzen duen kartela.

Euskal Herrian 6.000 lagun inguruk dihardute 1.200 mintzalagun taldetan banatuta. Bada, esperientzia horren gaineko erreportajea ikusgai izango da Soraluzen otsailaren 22an. Mintzalagunak. Sare bat inguruan. Bidelagunak alboan izenburua du ikus-entzunezkoak eta bederatzi debagoiendarren esperientzian dago oinarrituta. 

Herriko antzokian proiektatuko dute Goiena Komunikazio Taldeak landu eta ekoitzitako erreportajea; otsailaren 22an, 20:15ean, Pil-pilean euskara elkartearen eta Soraluzeko Udalaren eskutik.

Ordu erdi inguruko erreportajea da eta Mintzalagunak. Sare bat inguruan. Bidelagunak alboan izenburua duena. Debagoieneko bederatzi lagunen esperientzia pertsonalak jasotzen ditu. Horiei gehitzen zaie Topaguneko mintzapraktikako eragile Arrate Illaro.  

Eman eta hartu

Goiena Komunikazio Taldean esplikatu duten moduan, mintzalagunek egunerokoan zer egiten duten eta horrek euskal hiztun moduan zer suposatzen dien jasotzen du erreportajeak. Hori bakarrik ez; euskal hiztunek ere jasotzen dute ekimen horretatik. "Mintzalagun taldeak asko eta askotarikoak dira. Horien artean daude, esaterako, dokumentalerako berba egin duen  Elhadji Toure. Senegaldarra da eta Bergaran dihardu mintzalagun. Mikel Martin Eskoriatzan bizi den madrildarra da eta eguenero egiten du bat Eskoriatzako mintzalagun taldearekin. Pintxo potea egiten dute eta horrekin batera mintzapraktika. Iratxe Bravo, berriz, eibartarra da baina bere gorabeherak izan ditu euskararekin eta orain Elgetako mintzalagun egitasmoan dihardu. Elgetako liburutegian egiten duten Hitzez pitz izeneko topaketa batean aurkitu dugu eta bertan jaso ditugu bere bizipenak… Ez ditut ahaztu nahi Arrasateko Ina Etxebarria, Eskoriatzako Jone Ugarte, Bergarako David Kerkhof eta Kristina Buizer, mintzanet egitasmoan diharduen Maitere Larrañaga zein Leintz udal euskategiko irakasle Gurutze Larrinaga", adierazi du Goienako kazetari Larraitz Zeberiok. "Eskerrik asko erreportajean parte hartu duten guztiei eta baita ere mintzalagun horiengana iristen lagundu diguten guztiei".