Goiza zuri-zuri esnatu da

Ubane Madera 2018ko ots. 8a, 09:47

Elurra zegoen gaurko iragarrita, 100 metrotan ere egingo zuela abisatu zuten. Eta halaxe egin du Soraluzen. Goiza esnatzerako, bazterrak zurituta zeuden. Goizean goiz hasi behar izan dute, hain justu, udal langileek garbiketa lanak egiten. 4-5 zaku gatz erabili dituzte puntu arriskutsuenetan botatzeko. Eta Debemeneko traktorea errepideak garbitzeaz arduratu da.

Igogailuen sartu-irteeretan, aldapetan, paso-bideetan… bestela esanda, arriskutsuak izan daitezkeen puntuetan gatza botata dago goizean goizetik. Palarekin bideak garbitzen ere ibili dira eta hala dihardute udal langileek. “Kiroldegira umeak datozenerako baranda ondotik nabil elurra kentzen, modu horretan, barandari helduta jaitsi daitezke”, kontatu du, adibide modura, udal langileetako batek.

Gatza botata egoteak, gainera, eragotzi egingo du, baldin eta ez badu elur kopuru handirik egiten, atzera ere elurra pilatzea puntu horietan. Eta oraingoz, intzidentziarik ez dela gertatu jakinarazi du udaltzaingoak.

Arratsaldean hobera

Bestalde, alkateak jakinarazi du Debemeneko traktorea menditik behera ekarri dutela, errepideak-eta garbitzeko. “Errepide nagusiak garbitu ditu lehenengo, eta gero auzo bideetara joango da. Munetatik jaitsi da herrira”, esplikatu dute udaltzaingotik. Halaber, horren harira, adierazi dute norbaitek traktorearen beharra izango balu, udaletxera deitu eta haren erabilera eska dezakeela.  

Euskalmeten arabera, arratsaldean hobera egingo du eguraldiak, prezipitazio gutxiagorekin, ostarte zabalak egongo direla ere badio, eta egitezkerotan 500 metrotik gora.