Santa Eskean atariz atari, “kantuterapia” eginez

Egoitz Unamuno 2018ko ots. 7a, 23:13

“Neska-mutilak jatorrak eta, koplak eta trikitia, borondate truk eskaintzen dugu, gure kantuterapia” errepika kantatuz, zapatuan, herriko hainbat baserritan ibili ziren Santa Eskean.  Argazkiak: Ander Elizburu.

Goizeko 9:15ak aldera heldu ziren lehenengo baserrira, Iribera, eta arratsaldeko 20:30 aldera izan ziren azkenengo baserrian, Boskoittin. Bitartean, hainbat baserritako atari eta sukaldeetan jardun zuten kantari.

Beñat Iguaran amasarrarekin batera, Eneko Beretxinaga eta Egoitz Unamuno herritarrek jardun  zuten kopla kantari. Ohikoa den moduan, umore tonuan jardun zuten; behin baino gehiagotan, ingurukoei barrea eta gozamena eraginez.

Aurten, iaz moduan, markoan sartutako argazkiak laga zituzten baserri baten baino gehiagotan, “horrenbeste urtean egin diguten harrera beroa eskertzeko”. Datorren urtean, asmoa dute beste hainbeste baserritan entregatzeko argazkiak, aurten taldean atera dituztenak.

Batutako dirua, 570 euro, gonbidatutako bertsolariari ordaintzeko, makilak eta opariak erosteko, eta gauean San Inazio elkartean afaltzeko erabili zuten. Sobratu den dirua berriz, baliatu nahi dute egunari buruzko ikusentzunezko bat egiteko, orainarteko argazki eta bideoekin. 

Erlazionatuak

Iribe baserrian kantari

Erredakzioa 2018 ots 07 Soraluze