Eta haren arabera, gatza banatuta dago baserri auzoetan, eta kaleko hainbat puntutan ere lagata daude gatz zaku urdinak. Edozein modutan, oraingo xiri-miri elur-ura tarteko, gatz horren beharrik ez da izan oraingoz. Horrekin batera, gertu dago, baita ere, elurra kentzeko Debemenen paladun traktorea.
Edozein modutan, oraingoz behintzat, Udal langileek ere ez dute aparteko lanik izan elurrak eraginda.
Gaurko antzera
Euskalmeten eguraldi iragarpenaren arabera, gaur antzerako erretratua izango dugu egun osoan: zeruan hodeiak ugariak izango dira eta zaparradak botako ditu, ugariagoak ipar partean; bertan tarteka trumoitsuak izan litezke. Iparraldeko haizea ibiliko da, bolada indartsuekin kostaldean eta mendi inguruetan. Elurrarekin batera, hotza izango da protagonista; maximoak ozta-ozta iritsiko dira 2-3 ºC-ra barnealdean .
Hori gaurko egunari dagokionez; biharkoari begiratuta, berriz, badio eguenean hobera egingo duela egunaren bigarren partean eta arratsalde-gauean atertzera egingo duela.
Barikuan berriro ere
Baina egun erdiko atsedenaldia besterik ez da izango, ze barikurako atzera ere prezipitazioa dago iragarrita, tenperatura baxuek lagunduta elurra ekarriko dutenak: bariku goizak aurrera egin ahala hodeiak ugarituko dira eta horrekin batera prezipitazioa egingo du, arratsaldean noizbehinka mardula izan daiteke. Elur-kota 500 m-tik 200 edo 300 m-ra jaitsiko da gauean. Goizaldean haize ahula ibiliko da baina arratsaldean iparraldetik finkatu eta indartu egingo da. Tenperatura minimoek behera egingo dute eta maximoak apur bat igo daitezke. Halaxe iragarri du Euskalmetek. Eta gainera, zapaturako okertzera egingo duela aurreikusten dute eguraldi adituek.