Ordurako ume asko zeuden barruan, familiekin, eliza bazterrak ere beteta, San Blas opilak telazko mahai-zapietan batuta zituztela. Aurten, zapatuan izateak lagundu egin du herritar asko bertaratzen; izan da kanpotik etorri den bizilagun bat baino gehiago ere.
Aldarean, apaizari laguntzen, katekesian dabiltzan hainbat ume eta katekista izan ziren mezetan. Eta noski, San Blasen irudia eta kandela piztuta ere baziren lagun.
Bukaeran, argazkiak
Ohi den moduan, bukaera aldera zipriztindu zituen On Luis apaizak ur bedeinkatuaz herritarrek eskaini zituzten opilak, eta baita bestelakoak ere; izan ere, egunotan ume batek baino gehiagok San Blas bedeinkatuez aparte, gozoki bedeinkatuak ere jango ditu.
Meza bukatuta, tradiziozkoa den familia eta lagunen talde argazkiak atera zituzten herritar askok eliz atarian, eskaileretan, edo Plaza Berrian, San Blasak eskuetan.
Eta zela ez, egunotan moduan, hurrengoetan ere, gosaltzeko, hamaiketakoa egiteko, postrerako, kafesnearekin jateko… San Blas opilak izango dira Soraluzeko etxe gehienetan.