“Guk egin dugun dohaintza hau, nahi dugu izan dadin, baita ere, hainbat familiak dituen dokumentu horiek argitaratzeko deia; ze, esaten da paperak 80 urteko iraupena duela, hondatu egiten dela eta ez badira etxetik ateratzen, ez jakiteaz aparte… emozioen eta bizi izandakoren historia berreskuratu egin nahi dugu, kontatu ez digutena edo ukatu izan digutena. 80 urte pasa dira, papera desagertzera doa. Hondatu egingo da, eta ez bada digitalizatzen galdu egingo da informazio guztiori”.
Halaxe baloratu du Venancio Iñurrietaren iloba Joxean Iñurrietak Eusko Jaurlaritzari aitaitaren gutun-sorta entrega izana. Joan den zapatuan entregatu zituzten Venancio Iñurrietak Soraluzeko zinegotzi izan eta gerra zibilean preso egon zenak eskuz eta erderaz idatzitako gutunek osatutako sortu.
Lau urte kartzelan
Dokumentu-funtsa kontserbazio-egoera onean dago, eta 257 gutunek osatzen dute. Gehienak Venancio Iñurrietak berak hainbat espetxetan bizi izan zuen lau urteko gatibualdian (1936tik 1940ra bitarte) eskuz idatzitakoak dira.
Besteak beste, Tolosan, Ondarretan eta San Kristobal gotorlekuan (Nafarroan) egon zen preso, eta, azken horretan, zuzenean bizi izan zuen 1938ko ihesaldi historikoa. Hori dela eta, gutun batzuek, balio historiko handia ez ezik, garrantzi handia ere badute, Gerra Zibileko gertaera ospetsu horri buruzko ikerketari egin diezaioketen ekarpenagatik. Gutunetan, balio handiko deskribapen, datu, izen eta data ugari eta zehatzak daude jasota.
Gutun sorta Venancio Iñurrietaren familiak gorde du urte hauetan, eta semeek frontean (langileen batailoietan preso zeudela) edota soldadutza egiten ari ziren lekuetan idatzi zituzten gutun batzuk ere biltzen ditu.
Halaber, gutun horiek jasota daude Venancio Iñurrietaren biografia biltzen duen “Zutik ozta-ozta nator” liburuan, biloba Benantzio Iñurrietak idatzitakoan, hain zuzen ere.
Liburua itzulita
Azken horri dagokionez, dokumentu-funtsen entrega ekitaldian liburu horren gaztelaniazko itzulpenarekin landutako liburua aurkeztu zuten, “A duras penas” izenburupean. Bertan biltzen dira, hain justu, Eusko Jaurlaritzari entregatutako 257 gutunak.
"A duras penas" liburua Gogora Institutuak argitaratzen duen "Memoriak" bildumako bigarrena da. Bilduma horren bidez, gure herrialdeko memoria demokratikoaren puzzlea osatu nahi du Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuak.
Helburu bikoitza dauka liburuak: alde batetik, aitonari omenaldia egitea, eta bestetik, gutun-legatuak dituzten familiak animatzea gutun horiek ezagutzera eman ditzaten.
Denon eskura
Dokumentu-funtsaren entrega joan den astean egin zen. Venancio Iñurrietaren Katariñe alabak eta Venancio semeak entregatu zuten funtsa. Ekitaldia Euskadiko Artxibo Historikoaren egoitzan egin zen ekitaldia, eta seme-alabek bertso bat bota dute 1964an zendu zen aitaren omenez. Hain zuzen ere, Venancio Iñurrietak lau urteko gatibualdiaren ondoren etxean sartu zenean kantatu zuen bertsoa aukeratu zuten. Bertso horren hasiera Venancio Iñurrietaren biografia eta oroitzapenak biltzen dituen euskarazko liburuari izenburua jartzeko erabili da: "Zutik ozta-ozta nator".
Aurrerantzean, gutun sorta hori GOGORA Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuko dokumentu-funtsaren parte izango da, eta Euskadiko Artxibo Historikoan gordeko da. Halaber, kontserbatu egingo da eta herritarren eta ikertzaileen eskura jarriko da, kontsultatu, aztertu eta zabaltzeko.
Eusko Jaurlaritzaren bozeramaile eta Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburu Josu Erkorekak, GOGORA Institutuko zuzendari Aintzane Ezenarrok eta Kultura Ondarearen zuzendari Mikel Aizpuruk balio historiko eta ikerketa-balio handiko gutun sorta baten dohaintza jaso dute gaur goizean, Venancio Iñurrieta euskaltzale, bertsozale eta Soraluzeko zinegotzi abertzalearen familiaren eskutik.
'Zer da Gerra' abestu zuten
Armada frankistak 1936an Soraluzen sartu zenean atxilotu zuen lehenengo pertsona izan zen Venancio Iñurrieta. Lehena izan zen, beste zinegotzi guztiek ihes egitea erabaki zutelako. Gelditu zen bakarra izan zen. Irailaren 25ean eraman zuten etxetik, berehala itzuliko zela aginduta, baina ez zen 1940ko uztailera arte itzuli, atzean lau urte, bederatzi espetxe eta gerra bat utzita.
“Dohaintza amaitzeko, denok, baita sailburuak ere, Egoitzek egindako bertsoak kantatu genituen, Zer da Gerra. Oso hunkigarria izan zen”, jakinarazi du Joxean Iñurrietak.
Segidan klikatuta, ekitaldiaren berri xehetasun guztiarekin, bideo eta argazki eta guzti. Iturria: Irekia.