Elurrari aurre egiteko protokoloa aktibatu dute

Ubane Madera 2018ko ots. 2a, 09:38

San Andres auzoa, elurtuta.

Soraluzeko Udalak eta Debemenek aktibatu dute elurrari aurre egiteko protokoloa. Gatz zakuak banatu dituzte, eta baserri auzoetan laga, ohiko puntuetan. Eta horrez gainera, elurra kentzeko traktorea ere aktibatuta dago, haren beharra bada. Oraingoz, elur kopuru handirik ez du egin, edozelan ere.

Negu gorriko eguraldia du iragarrita Euskalmetek gaurko. Eta esnatu, horrela esnatu da, mendiak erdi zurituta.

Abisuen jakitun, Soraluzen gertu daude baliabideak elurrak eragindako ustekabeei aurre egiteko. Gatza laga dute baserri auzoetan, baserritarrek erabil ditzaten; eta Debemeneko traktorea ere bideak garbitzeko gertu da.

Eta Udaleko langileak ere gertu daude, herrian arriskutsuak izan daitezkeen puntuetan gatza botatzeko: aldapetan, igogailu aurreetan eta halakoetan.

Soraluzeko Udalak eskatu du, baita ere, mendira elurretara joan nahi duena kotxez ez igotzeko, aurreko elurtearekin arazoak izan ziren-eta.