"Etxeko piezak eguneratzen ditugu; ez dugu ezer botatzen"

Ubane Madera 2018ko ots. 2a, 14:04
Idoia Cacho eta Isabel Orozko, eskuz margotutako aterkiarekin eta bestelako lanekin.

2017an hasi ziren batera lanean Idoia Cacho (Soraluze, 1965) eta Isabel Orozko (Eibar, 1963). Eskuz margotutako edo apaindutako altzariak zein bitxigintza alternatiboa lantzen dute, Kilikilima izenarekin, bakoitzak bere kabuz 20 urte baino gehiagoan artisautza lantzen ibili ondoren. 

“Etxeko piezak eguneratzen ditugu; ez dugu ezer botatzen, gauza guztiek ematen dute bigarren aldiz erabiltzeko aukera. Helburua da gauzak aprobetxatzea, bereziki gauza sendoak eta balioa dutenak. Askok bota egiten dituzte gauza zahar baina onak, eta berriak erosi, sarri egurrezkoak ere ez direnak”, diote. “Etxeko altzari zaharrak berritzea eskaintzen dugu, margotuz. Eta altzarien barruan sar daitezke etxeko osagarriak, edo dekorazio produktuak”. Altzari bakoitzaren araberako aurrekontua egiten dute, “edozein poltsikoren neurrira”: “Kontuan hartu zeurea den altzari on bat margotu behar dugula, gaurkotutako itxura emanez. Bestela, gehiengoak norberak muntatzeko horietako altzari bat erosten du, ohiko sendoa botata”.

Txokoko mahaiak

Txoko taberna barruko jangelako mahaiak dira egiten duten lanaren adibide. “Dira lehengo mahaiak, grisez koloreztatuta. Izan ere, mahai haiek baliagarri zitzaizkien, tamainarengatik eta erabilerarengatik, baina ez zetozen bat oraingo dekorazioarekin. Grisez koloreztatu genituen, zoruaren kolorea bezala. Egin dugun azken lana da”.

Guztia eskuz

Bitxigintza ere lantzen dute. “Guztia eskuz egiten dugu, piezak ere bai. Egiten dugu egunero erabiltzeko moduko bitxigintza, jubenila, erosoa, eta batere garestia ez dena. Gure gustukoak dira egiten ditugun bitxi guztiak, bestela, ez ditugu egiten. Eta ez dute adinik, baliagarriak dira 16 urteko batendako, 30 urteko batendako eta baita 60 urteko batendako ere”. Lepokoak, pultserak, belarritakoak… denetik egiten dute. Esaterako, “Gabonetako opari izarra eskuz margotutako aterkiak izan dira”, diote.

Kilikilimak Soraluzen izan zuen estreinaldia, ekaineko azokan. Harrezkero ibili dira Elorrioko, Bergarako, Aretxabaletako, Soraluzeko… azoketan. Eta diotenez, “ahoz aho asko zabaltzen da” euren produktuen berri.