San Blas eguna ospatuko dute bihar, Itxaropena elkartean

Ubane Madera 2018ko ots. 1a, 17:49

Itxaropena elkarteko aretoa, lepo.

Otolaneko San Blasekin ospatuko dute, bihar, barikua, San Blas eguna Itxaropena elkartean. Halako bederatzi kilo eraman, eta kafesnearekin lagunduta emango dizkiete bazkideei opilak zatituta. 17:00etan da hitzordua.

Horrez gainera, otsailaren 13rako ere egin dute hitzordua. Kasu honetan, urteko batzarra  egiteko. 16:30ean da lehen deialdia, eta 17:00etan, berriz, bigarrena.

Landuko dituzten gaien artean, besteak beste, batzordea berritzeko proposamena izango dute mahai gainean, 2018rako kontuen egoera eta kontuen gorabeherak aztertuko dituzte, batzordearen jakinarazpenen berri ematearekin batera.

Zerrenda zabalik

Batzordearen berritzeari dagokionez, oraingoz, sei lagunez osatutako zerrenda dago batzorde berria osatzeko proposamenen artean, eta bertatik bina emakume eta gizonezko aukeratu behar dira. Edozelan ere, zerrenda horretara gehitzeko aukera zabalik dago otsailaren 6ra, martitzenera bitartean.

Hain zuzen ere, gaur egun batzordeak dituen bederatzi lagunetatik bost irten eta lau geratu egingo dira; bada irtengo diren horien ordezkariak dira aukeratu behar direnak, honako hauenak, alegia: Jose Luis Perez, Luis Mari Kortabarria, Goyi de la Torre, Juan Inazio Elizburu eta Luis Felipe Galarraga.

Gaur egun batzordea honelaxe dago osatuta: Maria Luisa Gantxegi da lehendakaria, Luis Mari Kortabarria da lehendakari-ordea, Iñaki Quintanilla, berriz, diruzaina, idazkaria da Elena Vega eta bokalak dira Goyi de la Torre, Sergio Zabala, Jose Luis Perez, Juan Inazio Elizburu eta Luis Felipe Galarraga. Berez, bi urterakoa da batzordekide kargua, nahiz eta borondatez urte gehiagoan ere segitzeko aukera badagoen.

Batzarra amaitutakoan luncha izango dute: tortilla, txorizoa, gazta, menbrilloa, ardoa eta ura. Eta iragarri dute musika ere jarriko dutela.