"Plazentziakoa moduko ogirik ez dago!"

Ubane Madera 2018ko ots. 1a, 11:38

Maitane Iñurrieta eta Javier Gonzalez.

Ezusteko handiarekin hasi zuten urtea Javier Gonzalezek (Soraluze, 1985) eta Maitane Iñurrietak (Soraluze, 1986): lehen semea aurreikusitakoa baino egun bat lehenago munduratu izanagatik egunkari eta albistegietako albiste bilakatu ziren, 2018an jaio zen lehen gipuzkoarra izan zelako Danel Gonzalez Iñurrieta.

Ederra buruhaustea, ezta?

Ba bai. Gurasoen etxean gosaltzen nengoela erizainek deitu zidaten esanez Noticiasetik, Diario Vascotik, ETBtik… deitzen zebiltzala. Ez dakit zela egingo duten, baina jakin zuten gurea izan zela jaio zen lehena!

Ze ordutan jaio zen?

03:00-03:30ak aldera. Bazegoen tartea besteren bat jaiotzeko, baina… Gainera, nire urtebetetze egunean, urtarrilaren 2an zen berez jaiotzekoa, eta aurreratu egin zen. Horrela hobeto; horrela bakoitzak bere eguna izango dugu.

Leku guztietan azaldu zen Danel Gonzalez Iñurrieta bergararra zela; baina apur bat Soraluzekoa izango da, ala?

Esan genien guztiei: behintzat argi eta garbi ipini Maitane eta neu Soraluzekoak garela.

Sarri etortzen zarete?

Ni bazkaltzera beti noa (orain gutxiago) gurasoen etxera. Bergaran bizi gara, baina bizitzaren zati handi bat Plazentzian egiten dugu. Kuadrilla ere Plazentziakoa dugu.

Eta zelatan joan zineten ba Bergarara bizi izatera?

Etxebizitza aukerengatik. Orain duguna gustatu zitzaigun, Maitaneren lanpostutik ere gertuago gaude… 2013ko Aste Santutik bizi gara Bergaran.  

Ze alde dago Bergararen eta Plazentziaren artean?

Bergara handiagoa da eta baditu abantailak. Baina Plazentziako giroa askotan faltan igartzen dugu.

Danel besoetan ogia zuela munduratu zen, ezta?

Bai. Lehen gipuzkoarra izatearren bi ogi barra doan izango ditugu urte osoan. Okindegia aukeratzeko eskatu ziguten eta Mendizabaleneko ogia aukeratu genuen. Izan ere, Plazentziakoa moduko ogirik ez dago!