Bizilagun gehiago dago herrian

Ubane Madera 2018ko urt. 31a, 10:07

Jendea Kalebarrenen, gaur goizean.

Soraluzeko Udaleko erroldaren urtarrileko datuen arabera, 3.919 herritar daude Soraluzen erroldatuta. Iazko erroldarekin alderatuta, gora egin du bada, udalerriko bizilagun kopuruak, ze 2017an 3.890 lagun zeuden Soraluzen erroldatuta. Hortaz, aurten 29 herritar gehiago daude.

Sexuen arabera, emakumeak baino gizon bat gehiago dago herrian: gizonezkoak 1.960 dira eta emakumezkoak 1.959. Eta horien artean, gazteak dira nagusiak baino gehiago: 18 urtetik beherako 652 gazte daude eta 80 urtetik gorako 322 herritar.

26 jaioberri

Jaiotzei begiratuta, 26 ume jaioberri erroldatu dira, 2017ko abenduaren 31ra bitartean: 12 neska eta 14 mutiko. Hildakoak, berriz, 44 bizilagun izan dira. Kasu horretan, beraz, eta joera orokorrarekin bat eginez, jaio direnak baino gehiago izan dira hil direnak. Soraluzek errolda positiboa izatea, bada, jendearen etorrerari zor zaio. Azken horri dagokionez, pertsonen joan-etorria handia dela jakinarazi du udalak. 

Urte hasiera

Urte hasierari dagokionez, berriz, ez du aldaketarik ekarri erroldara. Hiru hildakoren berri izan da egunotan, bat baina, kanpoan erroldatuta zegoen. Eta aldi berean, bi ume jaio dira. Beraz, erroldan jasotako azken kopurua, urte amaierakoaren bera da.