Europak eskatuta aldatu dugu hondakinak batzeko sistema, ezta?
Bai. Ikusita hondakinak ingurumen arazo larria direla, 2008tik aurrera araudi batzuk ezarri ziren helburu jakinak markatzen zituztenak. Araudi horiek ari dira garatzen, eta 2016an ekonomia zirkularreko paketea atera zuten. Pakete horretan zehaztu zituzten helburu eta epe konkretu batzuk: 2020rako %50eko birziklapen-tasa izatea eta 2030erako %70ekoa. Eta helburu horiek lortzeko hainbat plangintza eta sistema garatzen joan dira. Horren harira Debabarreneko Mankomunitatean erabaki dena zera da, Gipuzkoako mankomunitate askotan moduan, txartelekin irekitzen diren txip bidezko edukiontziak jartzea: errefusarenak eta organikoarenak.
Zein da Soraluzeren abiapuntua?
%36 pasa birziklatzen da Soraluzen.
Txikia dirudi…
Txikia da. Debabarreneko gainerako udalerrietako tasen artean Soraluzekoa baxuenetakoa da, baita Gipuzkoako bestelako mankomunitate batzuen artean ere.
Legeak gaindu arren, aldaketa beharra legetik harago doa, ala?
Bai. Legeak ere eskatzen du aldaketa, azken baten ingurumen arazoa delako. Gure planetak baliabide mugatuak ditu eta ezin dugu etengabe baliabide horiek kontsumitzen eta hondakinak sortzen aritu. Herritarrak kontzientziatzea ere helburu izan beharko litzateke.
Soraluzeko batzarrean esan zenuen kutsaduraren arazo nagusietako bat hondakinak direla.
Bai. Hondakinen kudeaketak eragin handia du: zabortegira botatzen baditugu espazioa behar dugu, lixibatuak sortzen dira eta lurrazpia eta lurrazpiko urak kutsatu egiten ditugu, gasak isurtze ditugu atmosferara, are gehiago erraustegietan; eta horrek guztiak inpaktu bisuala du, usainak sortzen ditu… eta, gainera, kontuan hartu behar dugu hondakinen kudeaketak udalen aurrekontu oso potoloa hartzen duela.
Horrela ikusita, ez litzateke derrigortu beharko? Edo birziklatzen ez duena zigortu?
Hondakinen gaian Gipuzkoan egon den katramilarekin ibili da esaera bat: hau ezin da inposatu. Orain ere, akaso, askok txartela jasotzean pentsa dezake hori; baina inork ez dauka kutsatzeko eskubiderik. Hori ez da existitzen. Hortaz, herritar moduan, erantzukizuna konpartitua da, denon ardura da gauzak zuzen egitea. Eta horrela da, gainera, arazo larria delako, ez norbaiti sudurraren puntan jarri zaiolako. Hortaz, birziklapen-tasetan urratsak ematea da eskatzen den gutxienekoa eta egin genezakeen zerbait. Honekin lotuta, mezu bat helarazi nahiko nuke: zure bizilaguna den horrek, akaso, hainbat urte daramatza organikoa bereizten. Zein zara zu gainerakoen lana zapuzteko? Edo bide beretik ez segitzeko? Garai batean zaborrak errekara botatzen genituen, edo erretzen genituen batek daki non. Orain, inork ez du esaten nik eskubidea dut zaborrak errekara botatzeko, eta zaborra edukiontzira eraman beharra inposaketa da. Bilatu behar dugu ahalik eta sistemarik egokiena ahalik eta gehien birziklatzeko, hori guztia herritarrentzat ere ahalik eta erosoena izateko, baina betebeharreko zerbait izan behar da.
Erosotasuna aipatuta, batzarrean hainbatek aipatu zuen edukiontziak ez direla erosoak: ez dute pedalik, altu daude…
Egia da. Ez dituzte irisgarritasun ezaugarriak betetzen. Oraindik ere garatzeko bide handia duen lerroa da. Beraz, egia da zailtasunak sortzen dituztela eta horiei soluzioa eman beharko zaiela.
Bestalde, aipatu zenuen hainbat sistema ezagutu eta gero, ohitura aldatzea dela kontua…
Gakoa ohitura aldatzean dago, hondakinak hasieratik bereizi behar dira. Azterketek erakutsi dute askoz ere birziklatze-maila altuagoa lortzen dela hondakinak hasieratik bereiziz gero.
Bestalde, Europatik, eskatzen da materia organikoa gaika batu behar dela. Zergatik?
Debabarrenean sortzen diren hondakinen %47 organikoa da. Hori ondo bereiztea lortzen badugu, begira zein gertu egongo ginatekeen Europak ezarritako helburutik. Sistemari dagokionez, batzuek nahiago dute hori eta besteek hura, eztabaida hori badago, baina funtsean eskatzen dena zera da ohiturak aldatzea, eta organikoak bereizten hasteko ohitura hartzea. Ez da besterik. Debagoienean, Beasainen… egin eta lortu dute hori egitea, eta hangoak ez dira Soraluzekoak baino listoagoak edo guapoagoak…
Hala ere, tranpa egin daiteke.
Bai, egin daiteke. Baina hondakinek zerbait ona badute da pisatu egin daitezkeela. Eta ikusi egingo da edukiontzi bakoitzean zer dagoen. Eta tranpa egin daiteke, eta errekara bota ere bai, baina pentsatzen dut pixkanaka aldatzen goazela eta ardura hori hartuko dugula. Gainera, Gipuzkoan hondakinen gaiak sortutako polemikak ekarri zuen hondakinak agenda politikoko gai zentrala izatea; ez luke zertan polemikan oinarritu behar, baina ekarri digu gipuzkoarroi ere hondakinen gaiarekiko ikuspegia, sentsibilizazioa eta kezka, lehen ez genuena.