Hirugarrenez, pentsio duinak aldarri

Ubane Madera 2018ko urt. 29a, 16:20
Elkarretaratzea Plaza Berrian, gaur astelehena.

Plaza Berrian elkartu dira gaur eguerdian ere Soraluzeko pentsiodun eta bestelako herritar ugari protesta egiteko, pentsioetan izango duten igoera eskasarengatik. Hurrengo egingo dutena da pentsioen %0,25 igoeraren berri ematen duen gutuna bueltan bidali.

Hain justu ere, pentsioen igoeraren gaineko gutuna bueltatzeko asmoa dela-eta, aztertzen ibili dira ea egokiagoa litzatekeen gutun guztiak batera bidaltzea, eraginkortasun handiagoa lortze aldera; baina esplikatu dutenez, gutun horiek pertsonalak dira, eta ezin dira guztiak batera bidali, bakoitzak berea bidali behar du bueltan. Beraz, horrela egingo dute.

Hirugarren urtea

Osterantzean, joan den astean moduan, oraingoan ere “pentsio duinak” dira aldarrikatzen dutena: “Ogiaren prezioa gora doa, bestelako elikagaiena ere bai, eta gure pentsioak zer! Hirugarren urtea da horrela gaudela”, diote. Eta atzera ere salaketa jakin bat errepikatzen da: “Hau lapurrez beteta dago-eta…”.

Urtarrila hasi zenetik pentsioen igoera eskasa salatzeko egiten duten hirugarren elkarretaratzea da. Eta bestelako deialdirik ez badute jasotzen, egiten duten azkena izango da.

Sare sozialen bitartez deitzen dituzte elkarretaratze hauek. Galdetuta ere, inork ez daki argi zeinek antolatzen dituen, baina agerikoa da pentsiodunek zalantzarik ez dutela protestarekin bat egiterakoan.