Hori horrela, ibilgailuen berezko noranzkoa izango da Kalebarrenetik sartu eta Plaza Zaharretik Gabolatseko zubi txikirainokoa. Han, Ezozibiderako aldapa obrengatik itxita dagoenez, derrigor egin beharko da aurrera zubi txikitik, eta SAPArako bidetik irten errepidera.
Edozein modutan, zirkulazioa bi noranzkoetakoa izango da; beraz, baliteke bi ibilgailu parean tokatzea, bata noranzko batera doana eta bestea beste noranzkora; adibidez, anbulatoriora joanez gero, posible da gero Zubi Nagusirantz egitea, Kalebarrenetik zehar.
Garajeetara ere berdin
Era berean, Gabolats eta Baltegieta kaleetan dauden garajeetarako sarrera Zubi Nagusitik barrena egin beharko da, eta irteera Baltegieta kaletik, lehengo moduan, SAPArantz eginez. Bestalde, Ezozibideko 2 eta 8 zenbakien arteko eremua bi noranzkoetan erabili ahalko da.
Construcciones Morga S.L. enpresak egingo ditu Gabolats kalea urbanizatzeko lanak. 158.484,5 euroko inbertsioa eginda (BEZ barne), hilabete honetan hasi eta hiru hilabetean bukatzeko aurreikuspena egin dute.
Plataforma bakarra
Hiru lan nagusi egingo dituzte: kalea altxatu behar dutela aprobetxatuz, kalea maila bakarrean ipini; aldapa hasieratik Ezozi bideko biribilgunerainoko saneamendu hoditeria berritu, eta, horrekin batera, Gabolats kaleko 36. atariko eskailera kendu egingo dute.