“Etorkizunerako proiektu bat sortzeko asmoz jarriko dugu abian prozesu parte hartzailea”

Ubane Madera 2018ko urt. 27a, 09:00

Prozesua diseinatzen dabilen taldeko kide batzuk, Gaztetxean. Argazkia: Fernan Oregi.

Gaztetxea biziberritu eta atzera ere gune aktibo eta bizia izatea lortzeko helburuarekin prozesu parte-hartzailea abiarazi du herritar talde batek. Hiru urratsetan landuko dute ekimena. Joxemi Zumalabe Fundazioa dute, gainera, bidelagun.

 

 

Gaztetxea biziberritu nahian zabiltzate, ezta? Zein litzateke helburua?

Bai. Azken asanblada desegin eta erreleborik ez zegoenez, gunearen etorkizunaz kezkatuta agertu ginen kide batzuk batzen hasi ginen. Gure helburua, historikoki Gaztetxea izan den horretan, berriro ere gune aktibo eta bizi bat lortzea da. Horretarako, prozesu parte hartzaile bat abian jarriko dugu etorkizunerako proiektu bat sortzeko asmoz.

Eperik baduzue buruan?

Lehen urratsarekin (Ufala dator) otsailean hasiko gara. Bertan, norbanako zein taldeei zer nolako gunea irudikatu eta espazio honi zein erabilera emango lioketen galdetzea da. Honen ostean, maiatzean, bigarren urratsa (Urakapiñak batzen), aurreko iritzien gainean erabakiak hartu eta gunearen antolaketa eta egitura ezberdinak aztertuz, egokiena aukeratzen hasiko ginateke. Eta uda ostean, hirugarren urratsa (Sutan epeltzen), proiektua praktikan jartzeko beharrezko kudeaketa eta bestelako kontuak erabakitzen hastea. Ondoren etorriko da praktikara saltoa. Erabakiak noski, parte hartzaile guztion artean hartzea da gakoa.

Zeintzuk zabiltzate zeregin horretan? Zela? 

Kide gehiago hasi baginen ere, gaur egun sei kide ari gara prozesua diseinatzen. Urte askoan asanbladan ibilitakoak, Tripafestako kide batzuk eta 2015-ko Berrekiten Berriketan prozesuaren ondoren, erreleboa hartu zuten azken asanbladako kide batzuk. Bide honetan, Joxemi Zumalabeko (herri mugimenduen mesedetan prozesuen diseinu eta dinamizazio lanetan  laguntzen aritzen den fundazioa) kideak bidelagun ditugu.

Itxita, baina, gaur egun ez dago, guztiz itxita, ala?

Ez, nahiz eta egunerokotasunean lokala zabalik ez egon, ezer antolatu nahi duenak aukera izan du eta badu. Ohiko Tripafestaz gain, beste ekintza batzuk ere antolatu dira, ardurak antolatzaileek eurek hartuta. Iruzkin bat badugu egina horrelako kasuetan erabilera baldintza batzuk betetzeko: Giltzak, garbiketa, gastua, materiala…

Zer egin behar du parte hartu nahi duenak?

Soraluzeko eragile eta norbanakoengana hurbilduko gara ahoz ahokoan, baina herritar guztiei zabalik dago prozesua. Sare sozial eta herri komunikabidearen bitartez zabalduko ditugu deialdiak, baina edozeinek gurekin harremanetan jarri nahiko balu (prozesuari zein lokalaren erabilpenari dagokionez) gugana etorri dadila edo posta elektroniko berri honetara idatzi dezala: soraluzekogaztetxia@gmail.com