Ikurrinaren arrastoa WhatsApp-en

Ubane Madera 2018ko urt. 28a, 09:10

Ikurrina WhatsApp-en.

“Badaukagu Ikurrinaren arrastoa WhatsApp-en. Ez da osoa, baina zati batean badago”. Halaxe ohartarazi du gure irakurle Angel Garciak mezuak partekatzeko gaur egun gehien erabiltzen den aplikazioan Ikurrinaren presentzia dagoela.  

Hark helarazitako xehetasunen arabera, Ipar Ameriketako artxipelago bati dagokion bandera ez ofizial batean ageri da Ikurrina: San Pedro eta Miquelon lurraldearen banderan, hain justu. Lurralde hori Ternuako (Terranova) kosta parean dago.

Bizilagunen jatorria

Wikipediak esplikatzen duen moduan, 1982az geroztik tokiko bizilagunek erabiltzen duten bandera ez ofiziala da ikurrintxoa duena. Eta bandera horrek San Pedro eta Miquelon lurraldeko bizilagunen jatorria irudikatzen du.

Hori horrela, lau ikurrez osatuta dago bandera hura: ikur nagusia, erdikoa, itsasontzi hori baten irudia da: Grande Hermine izenekoa. Bertan iritsi zen Jacques Cartier nabigatzaile frantsesa San Pedro irlara, 1535. urtean. San Pedro irla Kanadaren ekialdetik gertu dagoen irla da.

Eta banderaren ezkerreko aldean daude beste hiru ikur edo banderatxoak. Hala, goian dago ikurrina, euskaldunen ikurra; erdian dago, berriz, bretainiarren ikurra eta behean normandiarrena.

Izenak ere jatorri euskalduna

Izan ere, lurraldearen izenaren zati batek berak ere jatorri euskalduna du: Miquelon izenak. Mikelune izenetik dator berau, hain justu, irla hura Donibane Lohitzunetik joandako arrantzaleen basea izan zelako.

Edozein modutan, berez, San Pedro eta Miquelon artxipelagoaren bandera ofiziala bandera frantsesa da.