Eguraldia eta Astigarragako kanpandorreko erlojuaren fenomenoa

Miguel Borinaga 2018ko urt. 26a, 08:10

Deba ibaia Errekalde inguruan. Argazkia: Fernan Oregi.

Negu honetako prezipitazio ugariak jendearen atentzioa deitu du. Pertzepzioak, hala ere, egiatik gertu ala urrun egon daitezke eta, ondorioz, datuak dakartzagu kontua argitzeko asmoz.

Nire aitonak esan ohi zuen garai batean Astigarragako kanpandorreko erlojuak jokaera bitxia zeukala: noizean behin erlojua geratu eta, bat batean denbora berreskuratu nahian-edo, azkar-azkar bueltaka hasten omen zen. Negu honetako prezipitazio ugariak jendearen atentzioa deitu du eta badauka Astigarragako erlojuarekin parekotasunik kontuak. Pertzepzioak, hala ere, egiatik gertu ala urrun egon daitezke eta, ondorioz, datuak dakartzagu kontua argitzeko asmoz.

Azken hiru hilabeteotan euri asko egin du, bai. Pertzepzioak arrazoi, oraingo honetan. Hau ilustratzeko Igeldo-ko behatokian abendutik gaurko egunera arte astez-aste jasotako prezipitazioa eta normalean bota ohi duena (mediana) biltzen dituen grafika bat atxikitu diogu testuari. Bertan argi eta garbi ikus daiteke urtarrilaren 26a arte botatako prezipitazio totala (euri eta elur bezala jasoa, gainera) neguko hiru hilabeteetan esperotakoa baino gehiago dela dagoeneko. Hortaz, negua hezea izango da hemendik martxoa bitartean ezta tanta bat gehiago botatzen ez badu ere. Gainera, azaroa ere izugarri hezea izan zen, barnealdean iraila eta urria oso lehorrei jarraituz iritsi zena. Honek asko lagundu du ere Astigarragako erlojuaren pareko pertzepzioa handitzen. Igeldoko datuak erakutsi baditugu ere, Aemet-eko web orrian eskuragarri daude probintzia guztietako datuak, euskal probintzia guztiei dagokionez ondorio berdinak atera ahal direlarik.

Edozein modutan, euri kopurua bera baino euri egunak dira askotan deigarriak direnak. Eta datuak, berriz ere, bat datoz jendeak igarritakoarekin. Pasa den urteko urrian, lehorra izan zena, 9 egunetan egin zuen euria soilik, bataz bestea 12 egun izanik. Azaroan , hezea izan zena, 15 egunetan egin zuen 13 izanik bataz bestekoa. Abendua eta Urtarrila dira, baina, benetan bataz bestekotik aldentzen direnak: abenduan 22/12 da erlazioa eta oraindik bukatu ez den urtarrilean 24/13 da, eta iragarpenek zenbaki hau handituko dela diote. Udazken bukaera eta negu hasiera benetan bustiak izan ditugu, hortaz; Astigarragako erlojua berriro noiz geldituko den, auskalo.

 

Datuak:  Aemet eta Ogimet

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Soraluzeko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 699 86 87 29 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @plaentxia kanalera.