Lehen Hezkuntzako 1. mailatik 6. mailara bitarteko neska-mutikoz osatutako sei taldek parte hartuko du aurten Aratuste martitzeneko koreografia erakustaldian. Orain, koreografiak lantzeko entsegu lokal bila dabiltza udal ordezkariak, gurasoak eta neska-mutikoak lanean has daitezen.
Izan ere, iaz moduan gurasoak izango dira prozesu guzti honetan lagundu, kudeatu eta begirale lanak egingo dituztenak.
Gurasoak erabat inplikatuta
Atzoko batzarrean adostu zutenez, erakustaldian parte hartuko duen talde bakoitzak guraso batzuk izango ditu gidari modura prozesua gainbegiratzen ibiliko direnak; horiei eskatuko zaiena da umeek erakustaldian parte hartu ahal izateko baimena, eta arduratu daitezela taldean hartutako erabakiak bete eta aurrera eramateaz: mozorroa prestatu, entseguetara joan eta beste.
Horiez aparte, egongo dira beste guraso batzuk inplikazio handiagoa izango dutenak. Azken horiek taldeen gainean egongo dira, entseguetan lagunduko dute eta jantzien prestatze prozesuan parte hartuko dute, besteak beste.
Prozesu aberasgarria
Gurasoek baloratu dutenez, koreografia erakustaldia antolatzeko modua apur bat findu egin behar den arren, gurasoek eurek nahi dute erakustaldiarekin jarraitu. Uste dute ekintza polita izateaz gainera, azken produktu horretara heltzeko prozesua ere oso aberasgarria dela, hilabetez, 80 bat neska-mutiko sormen prozesua murgilduta egongo dira-eta.
Hori bai, datorren urtera begira, besteak beste, izena emateko modua aldatu eta proposamena umeei zuzendu beharrean gurasoen bitartez egingo da hori ere.