“Urte askoan zehar dantza edo koreografia lehiaketa antolatu izan du Udaleko Kultura Batzordeak aratuste jaietako martitzenean.
Ikuskizun polita izaten da, jendetsua, erritmo eta kolore askokoa, aratusteetako egitarauari ekarpen interesgarria egiten diona.
Nolanahi ere, lehiaketa arazo askoren iturri ere izan da urteetan, hainbat taldetan arazoak sortzen zituelako haurren arteko harremanetan, taldeak egiteko garaian batez ere, lidergoak azaleratu eta hainbat haur parte hartu ezinda gelditzen zelarik.
Arazoak errepikatu
Arazoak urtero errepikatzen zirela ikusita, iaz gauzak beste era batera antolatzea erabaki zen, ekintzak zuen lehiakortasuna leundu eta era horretara arazoak gutxitzeko helburuarekin.
Honela, lehiaketa izatetik erakustaldi izatera pasa zen eta gurasoen laguntza eskatu zen parte hartzen zuten taldeak kudeatzeko eta taldeetan sor zitezkeen arazoak bideratzeko.
Iazko esperientzia ona izan zela ikusita, aurten ere sistema berbera erabiltzea proposatu du Kultura Batzordeak”.
Hori abiapuntu egingo dute iluntzean batzarra, izan ere, eskatu gura diete gurasoei “beren seme-alaben taldeak kudeatu edo gestionatzen lagundu dezaten, entseguetan lagunduz, kanta eta mozorroa aukeratuz, prestatzen lagunduz…”.