Uxaldiak egiten dabiltza, basurdeen eta orkatzen gainpopulazioa kontrolatzeko

Ubane Madera 2018ko urt. 18a, 10:56

Basurde bat mendian.

Asteotan tiro-hotsak entzun izan dira, menditik datozenak. Arrazoia da ehiztariak dabiltzala Soraluzeko mendietan uxaldiak egiten; bereziki, basurdeen kontra. Izan ere, mendigain inguruak harrotzeaz aparte, baserrietara jaisten hasita dira basurdeak, eta ortuetan txikizioak eragiten. 2017tik orain arte, 20 uxaldi egin dituzte eta 13 basurde bota. Ikusi, berriz, 29 basurde ikusi dituzte.

“Basurdeekin demaseko arazoa dago. Mendigaina harrotzen dute, baina gainera, hainbat baserritar gurekin harremanetan jarri ziren abisatzeko ortuetara jaisten hasita zeudela, eta basurdeak ortuetan sartzen direnean dena alperrik galtzen dute. Gu Diputazioarekin harremanetan jarri ginen eta haiek Gipuzkoako Ehiza Federaziora bideratu gintuzten; hain justu, azken horiek egin dituzte uxaldiak. Izan ere, basurdeen eta orkatzen gainpopulazioa dago, ez dute harrapakari-depredadore naturalik-eta. Beraz, gaiaren gainean gaude, Diputazioa, Ehiza Federazioa eta Udala, kalteak ekiditeko”, esplikatu du Iker Aldazabal alkateak.

50 orkatz

Helarazitako datuen arabera, basurde uxaldiez aparte, orkatz uxaldiak ere egin dituzte. Kasu horretan, 2017tik orain arte 15 halako eginda, 15 orkatz bota dituzte. Ikusi, berriz, 50 ikusi dituzte. “Orkatzen kasuan, zuhaitz txikien puntak eta azala jaten dute, eta zuhaitza bera alperrik galdu egiten dute”, esplikatu du Soraluzeko alkateak.