San Blas opilik onenak sarituko dira

Ubane Madera 2018ko urt. 18a, 08:13
San Blas opila erakusten.

XI. aldiz, San Blas opil lehiaketa antolatu du Udaleko Kultura Batzordeak. Egunarekin bat eginez, otsailaren 3an izango da, 12:00etan Plaza Berrian. Teknika, zaporea eta aurkezpena aintzat hartuta, hiru opilik onenak sarituko ditu epaimahaiak. 

Lehiaketarako opilek etxean egindakoak izan behar dute, eta egunean bertan eraman behar dira Plaza Berrira, lehiaketa hasi baino 15 minutu lehenago.

Hain justu ere, lehiaketarako izena ere orduantxe eman daiteke, lehiaketa baino 15 minutu lehenago, alegia. Edo aldez aurretik udaletxera joanda bertan ere eman daiteke izena.

Interesa duen edozeinek parte har dezake ekimenean; hori bai, 16 urtez azpikoek heldu baten laguntzaz aurkeztu beharko dute.

Ohitura zaintzeko

Epaimahaiak opilaren hiru ezaugarri hartuko ditu kontuan berau baloratzerako orduan: teknika, zaporea eta aurkezpena, eta horren arabera, hiru sari emango ditu: lehena, 50 eurokoa; bigarrena, 30 eurokoa eta hirugarrena, 20 eurokoa.

Orain dela 10 urte hasi zen Udaleko Kultura Batzordea San Blas opilen lehiaketa antolatzen, bi helbururekin: herriko opilik onenak saritzeko eta San Blas egunean opilak egiteko ohitura galdu ez dadin.