Atxuriko zubi hasieran ez labaintzeko produktua botako dute

Ubane Madera 2018ko urt. 17a, 12:04

Atxuriko zubia, zikin.

Garbitu dute Atxuriko zubi hasierako zorua. Mankomunitateko langileak bertan izan dira goizean garbiketa berezia egiten. Izan ere, atzo goizean (martitzena), zorua bustita eta labainkor azaldu zen. Arratsaldean harea moduko bat bota zuten, baina labainkor segitzen zuenez, gaur mankomunitateko langileak bertaratu eta garbitu dute.

Berez, hezetasun handia egoten da Atxuriko zubi hasierako zoruan, Benito Altzari Dendaren kanpoko aldean, hain justu. Atzo, baina, bustita eta bestetan baino labainkorrago zegoen zorua, goizean goizetik. “Norbaiti zerbait jausi zitzaiola uste dugu”, kontatu dute Udaltzaingotik, “andre bat ia-ia hankaz gora jausi zen”, gaineratu dute.

Hori horrela, harea moduko bat bota zuten zorura, egoera konpondu nahian. Baina zoruak labainkor segitzen zuela ikusita, mankomunitateko langileei deitu eta haiek bertaratu dira garbiketa sakona egitera gaur goizean.

Produktu ez labainkorra

Horrez aparte, zorua labaingarri egon ez dadin produktua botako dutela jakinarazi dute Udaltzaingotik, “eskatuta dago; ailegatzen denean botako dugu. Herriko beste puntu batzuetan ere botata dago hori; adibidez, Pub-etik beherako aldapa oso labainkorra zen lehen”, esplikatu du Gotzon Odriozola udaltzainburuak.