Sologoengo zentrala bideragarriago eta errentagarriago izan dadin elkarlana landuko dute

Ubane Madera 2018ko urt. 16a, 10:18
Diputazioko eta Soraluzeko Udaleko ordezkariak, Sologoenen. Barruko argazkia: David Vicente

Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen Sailak prestutasuna erakutsi du Soraluzeko Udalarekin elkarlanean jarduteko Sologoengo zentralaren mesedetan. Hala eman zuen aditzera atzo, astelehena, Jose Inazio Asensio Ingurumen diputatuak Soraluzen. Izan ere, Soraluzen izan ziren atzo diputazioko ordezkariak, eta Soraluzeko Udal Gobernuko ordezkariengandik Sologoengo zentralaren ezaugarrien berri izan ondoren, zentrala bera bisitatu zuten. 

Bisita bukatuta, zentralean bertan, Jose Inazio Asensio diputatuak aditzera eman zuen Soraluzeko zentralari “aukerak” ikusten dizkiotela eta jakinarazi zuen ezagutu ondoren “ze egoera duen, zelako ikerketak eta estudioak egin dituzten”, euren laguntza zela bideratu ikusiko dutela.

Energia garbia

Horrekin batera, azpimarratu zuen diputazioarendako “oso interesgarria” dela ikustea “horrelako zentral bat energia berriztagarriekin dabilena (…) Hemen ura bakarrik erabiltzen dugu, ez dago inolako emisiorik; eta alde horretatik ikusten da seguru aski Soraluzen Udalak bere eraikinetan eta herriak kaleko argiterian erabiltzen duen energia guztia hemendik atera daitekeela. Beraz, bideragarritasun hori ezagutu, ikusi eta bideratzea izango da hurrengo lana”, esan zuen diputatuak.

Zentzu horretan, Iker Aldazabal alkateak jakinarazi zuen bideragarritasun txostena bidaliko dietela Diputazioko ordezkariei, haiek ikusi dezaten Soraluzeko zentralaren egoera zein den eta aztertu dezaten “etorkizunari begira ze elkarlan posible egiteko aukera” ikusten duten berau “mantentzeko eta errentagarritasuna ateratzeko”.

"Izan daiteke eredu bat"

Horrez aparte, Soraluzeko eredugarritasuna ere azpimarratu zuen Asensio diputatuak, halako azpiegitura bat urtez urte mantendu eta funtzionatzen izatearren: “Bai, nolabait izan daiteke eredu bat, ez berriak egiteko, baina hau ja hemen dago eta ondo funtzionatzen du eta gainera, ikusten da azpiegitura hau ondo mantenduta dagoela eta Soraluzeko Udalak bere ahalegina egin duela eta bere dirua jartzen duela. Alde horretatik, horrela jarraitu behar dugu”.

Batzarra eta bisita

Eguerdi partean bertaratu ziren Diputazioko ordezkariak Soraluzera. Jose Inazio Asensio diputatuarekin batera etorri ziren Obra hidraulikoetako zuzendari Felix Asensio eta Ingurumeneko zuzendari Monika Pedreira.

Lehenik eta behin Soraluzeko Udal Gobernuko ordezkariekin, (Ramon Galllastegi zinegotziarekin, Patricia Borinaga alkateordearekin eta Iker Aldazabal alkatearekin) batzartu ziren. Udal gobernuko kideek Sologoengo zentralaren ezaugarrien eta gaur egungo funtzionamenduaren eta errentagarritasunaren berri eman zieten diputazioko ordezkariei, eta ondoren Sologoengo zentralera joan ziren guztiak, zentralaren azpiegitura eta funtzionamendua bertatik bertara ezagutzera.