Soraluzetarrek ere aldarrikatu zituzten presoen eskubideak

Erredakzioa 2018ko urt. 14a, 11:16

Manifestazioan presoak etxeratzeko mezua. Argazkia: Monika Muro

Euskal Herri osotik bertaratutako 95.000 lagunen artean, Soraluzeko ordezkaritza ere izan zen atzo, zapatua, euskal presoen eskubideen alde Bilbon egindako manifestazioan. Eguraldi desatseginari aurre eginez, bat egin zuten espetxe politika aldatzeko lau haizetara barreiatutako exijentziarekin. 

"Prest gaude, giza eskubideak, konponbidea, bakea" zioen pankartari jarraiki egin zuten atzo Bilbon, euskal presoen aldeko manifestazioaren ibilbidea, giro optimistago batean, Frantziako gobernuak iragarri ondoren euskal presoak Ipar Euskal Herritik gertuago dauden kartzeletara lekualdatuko dituela.

Berri horrek areagotu egin zuen Espainiako gobernuari zuzendutako eskari nagusiaren indarra: euskal presoei ezarritako salbuespeneko  espetxe politika alda dezala.

Soraluzetarrek ere bat egin zuten Sare mugimenduaren eskakizun horiekin, eta atzoko euri zaparradei aurre eginez sakabanaketaren kontra eta oro har, euskal presoen eskubideak errespetatzearen aldeko aldarria partekatu zuten, ozen. Guztira, ehunen bat herritar joan ziren Sarek antolatutako bi autobusetan.