“Ongi etorri baserriko Kattalin, herrira jaitsi eta bere lagun guztiak desagertu direla ohartuko da. Herrian ez du gertatu denaz inongo erantzunik topatuko. Beraz, adorez bete eta Mari Jainkosari galdetzera abiatuko da, nahiz eta basoan betirako harrapatuta geratu daitekeela jakin. Hemendik aurrera, Kattalin, mitologian murgilduko da haziko den Azken Eguzkilorea topatzeko. Bertan, Mari, Basajaun, Ttarttalo, Galtzagorriak e.a. ezagutuko ditu. Baita Gaueko beldurgarria ere”.
Doan bazkideendako
Horixe da domekan, 17:15etik 18:30ak bitartean Soraluzeko Herriko Antzokian taularatuko den umeendako antzezlanaren istorioaren abiapuntua, Patata Tropikala taldeak landuko duena.
Soraluzeko IGE guraso elkarteak antolatu du ikuskizuna eta doan da bertako bazkideendako; gainontzekoek, berriz, hiru euro ordaindu beharko dute sarrera.
Arauak errespetatu
Guraso elkarteak ohartarazi du 6 urtetik beherako umeek heldu batez lagunduta joan behar dutela saiora, eta umeek ezin izango dutela aretotik irten harik eta emanaldia amaitu arte. Halaber, zinemako arautegi bera errespetatu behar dela: isilik egonez eta ingurua zainduz.