Haurreskolarako matrikulazio-epea zabalik

Ubane Madera 2018ko urt. 9a, 14:04

Haurreskolako hiru ume. Argazkia: Soraluzeko Haurreskola

Atzo, astelehena, zabaldu zuten Haurreskolako urte hasierako matrikulazio kanpaina, barikura arte. 0-2 urte bitarteko umeen zaintzaz arduratzen dira Soraluzeko Haurreskolan, 07:30ean hasi eta 17:00ak arteko ordutegian. Bertan izena emateko interesa dutenek bertara jo dezakete, edo telefonoz deitu honako telefono zenbakira: 943 751332.

Orain matrikulatzen diren umeak martxoan, apirilean, maiatzean edo ekainean hasiko dira Haurreskolan.

Une honetan 10 neska-mutiko daude Soraluzeko Haurreskolan, guztiak ere urtebetekoak; hiru hezitzaile arduratzen dira haien zaintzaz.

21 umerendako lekua

Berez, Haurreskolak 21 ume hartzeko gaitasuna dauka. Eta zentzu horretan esan matrikulazio-epea barikuan amaitzen bada ere, Haurreskola bera beteta ez dagoenez, urte osoan eman daitekeela bertan izena.

Haurreskola urtean 208 egunetan izaten da zabalik. Eta norberak aukeratzen duen ordutegiaren araberako zerbitzua eskaintzen du. Hori bai, umea ezin da egunero 8 ordu baino gehiagoan bertan egon.

Prezioak eta orduak

Prezioei dagokienez, ordu kopuruaren eta familiako diru sarreren arabera ezarrita daude. Hori horrela, zortzi ordu artekoen kuota da 118 eurotik hasi eta 208 euro, hilero. Eta bost ordu artekoen kuota, berriz, da 91 eurotik hasi eta 160 euro bitarterainokoa. Bestalde, matrikula edo aurre-kuota 91 euro ordaindu behar da.

Umea Haurreskolan irailean, urrian edo azaroan hasteko matrikulazio kanpaina maiatzean abiaraziko dute: maiatzaren 2tik 12ra bitartean.