Atzoko giro eskasa ez zen eragozpen izan Ekialdeko erregeek euren magiarekin Soraluzeko txikienen ilusioa pizteko. Egoitzako bizilagunak bisitatu eta bertan meriendatu ondoren, Atxurin zain zituzten zaldiak hartu, bidea argitzeko suziriak piztu, poltsakada bana gozoki ondo oratu, eta gogotsu ekin zioten desfileari Meltxorrek, Gasparrek eta Baltasarrek.
Bidean zain zituzten umeak eta nagusiak; Zubi Nagusian, Plaza Berrian eta Kalebarrenen bereziki. Eta beste askok eurekin egin zuten desfile osoa, bidean botatzen zituzten gozokiak majo poltsikoratuz.
Plaza Berrirainoko ilara
Bestetan baino desfile motzagoa egin arren, ohiko ibilbidea egin zuten hiru erregeek: Ezozi bideraino igo, han buelta hartu eta ostera ere Plaza Berrira; gero handik gora jo zuten, elizperaino, zain-zain irrikaz zituzten ume guztiak altzoan hartu, eta haiei opariak emateko. Lehenengo, baina, eliz-atariko eskaileretan zegoen Jaiotza biziduneko familiari Bibliak kontatzen dituen hiru opariak eman zizkioten: intsentsua, mirra eta urrea.
Ume bakoitzari opari bana
Ondoren, jarlekuetan eseri eta 20:30ak ingurura arte jardun zuten umeen esanak entzuten, haien gutunak jasotzen eta jakina, opariak ematen. Kalekoa eginda, gauez jardun zuten gero, ohi denez, magiaren bitartez hala eskatutako etxeetara opariak banatuz. Duda barik, gaur etxe askotan izango dute zerekin entretenitu.