Gora egin du langabeziak abenduan

Ubane Madera 2018ko urt. 3a, 11:53

Zubi nagusia.

Debabarreneko joera orokorrarekin bat eginez, Soraluzen ere gora egin du langabeziak abenduko datuen arabera. Joera orokorra izan arren, baina, aldatzen ez den ezaugarria da Soraluzek duela Debabarreneko langabezia tasarik altuena: %15,05. 

282 langabeturekin hasi zuen urtea Soraluzek. Datu hori utzi du abenduak udalerrian. Tasari begiratuta, %15,05ekoa izan zen. Eta hori horrela, Soraluzek jarraitzen du izaten eskualdean langabezia tasarik altuena duen udalerria.

Azaroarekin alderatuta, gainera, gora egin du langabe kopuruak herrian, eta 15 gehiago daude kontabilizatuta abenduan.

Eibar ondoren

Bestalde, azken datuetan moduan, Eibar datorkio atzetik Soraluzeri, 1.790 langabeturekin, edo %14,05eko tasarekin. Han ere gora egin du langabe kopuruak. Eta hurrenez hurren, Elgoibarrek du hurrengo tasarik handiena, baina ja alde handiagoarekin: %9,96 (551 langabe).

Azaroan baino langabe gutxiago dituen herri bakarra da, berriz, Mendaro. %9,61etik %9,20ra jaitsi da tasa bertan, eta abenduan 91 langabe kontabilizatu zituzten.

Azkenik, Deba eta Mutriku datoz. Bietan gora egin du langabezia tasak abenduan, eta Debak 220 langaberekin bukatu zuen urtea (%8,26) eta Mutrikuk, berriz, 213 langaberekin (%8).

Orokorrean, bada, Debabarrenean 3.147 langabe kontatu zituzten abenduan, %11,89.