Hondakinen gaueko bilketa aprobetxatuko dute edukiontzi berriak ipini eta zaharrak eramateko, "ahalik eta modurik produktiboenean egiteko", esplikatu du Aran Dueñasek, Debabarreneko Mankomunitateko hondakin gaien arduradunak.
Edukiontzi handienak ipiniko dituzte lehenengo, eta hurrengo bilketa egun batean txikiak. 27 edukiontzi gris ipiniko dituzte Soraluzen. Guztira, bizpahiru egun beharko dituzte aldaketa egiteko.
Bost edukiontzi
Edukiontzi grisa ipini ondoren, bost edukiontzi bitartez batuko dira hondakinak Soraluzen, honela sailkatuta: edukiontzi grisa izango da errefusarendako, marroia organikoarendako, urdina paperarendako eta kartoiarendako, horia bilgarrietarako eta berdea beirarendako. Horiez aparte, herriko hainbat puntutan olioa, pilak eta jantziak batzeko puntuak zein edukiontziak ere badira.
Txartelak, udaletxean
Behin edukiontzi grisak ipini eta berdeak kenduta, esandako moduan, hondakin organikoak zein errefusa edukiontzietara botatzeko, derrigorrezkoa izango da txartela erabiltzea, bi edukiontzi horiek txip bitartez funtzionatuko dute-eta. Halaber, txartel bakarra erabili behar da bi edukiontziok zabaltzeko.
Soraluzen, abenduaren 21era bitartean egon ziren hondakin bilketa sistema berrirako beharrezko materiala herritarrei banatzen: kuboa, konpostatzeko poltsak, edukiontzia zabaltzeko txartela eta informazio esku-orriak.
Jasotzeko epea bukatuta, baina, txartela-eta jasotzeko falta ziren 527 etxebizitzetatik (lehenago apuntatu barik zeudenak) 120 bakarrik pasa ziren txartela eskuratzera. Hori bai, lehenagotik, 1.428 bizilagunek dagoeneko erabiltzen zuten edukiontzi marroia: 1.405 etxebizitzak eta 23 komertziok.
Txartela eskuratu barik dutenak udaletxetik pasa daitezke eta Ingurumen teknikari Nekane Jauregiri eskatu.