Mosaiko argitsua, euskal presoen aldeko mobilizazio handirako gonbita eginez

Ubane Madera 2018ko urt. 2a, 12:40

Mosaiko argitsua Plaza Berrian. Argazkia: Fernan Oregi

Urte Zahar iluntzean herritar askok mosaiko argitsua irudikatu zuten Plaza Berrian, datorren urtarrilaren 13an Bilbon egingo den euskal presoen aldeko manifestazioan parte hartzeko deia eginez. Elkarrekin aurrera egiteko prest gaude, giza eskubideak, bakea, konponbidea leloarekin gauzatuko da mobilizazioa, eta Soraluzetik ere autobusak antolatu dituzte bertaratzeko. 

Hain zuzen ere, 11:00etan autobus bat abiatuko da Bilbora, eta 16:00etan beste bat. Manifestazioa bera 17:30ean hasiko da. Izena emateko azken eguna urtarrilaren 11 izango da.

Txartelak eskuragai daude honako hiru tabernatan: Batzoki, Bolia eta Arrano. Eta prezioak honakoak dira: 10 euro txartel arrunta, 5 euro langabetuena eta euro bat umeena.

Euskal gizarteari deia

Ohi moduan, Sare mugimenduak antolatu du urtarrilaren 13ko mobilizazioa. Azpimarratu du aurtengoa “berezia” izatea nahi duela, eta dei egin dio “euskal gizarteari” bertan parte har dezan: “Izan ere giza eskubideekiko babesa denoi dagokigu, izan ere gizarte batek ezin du aurrera egin baldin eta guztioi dagozkigun giza eskubide horiek urratzen badira. Izan ere, guk, gure bizipen eta esperientziak medio, inork baino hobeto dakigu egoera honi amaiera eman behar zaiola, eta guztiok batera aurrera egitea proposatuz gero, lortzea badagoela”, adierazi dute.

"Mendeku eta gorrotorik gabeko gizartea"

“Inori ez diogu bortizkeria desberdinek eragindako mina ahazterik eskatzen, baina etorkizunari begiratu eta aurrera egiteko eskatzen dugu, guztion artean, mendeku eta gorrotorik gabeko gizarte bat eraikitzeko. Eta zentzu horretan, euskal presoek jasotzen dituzten eskubideen urraketei amaiera ematea ezinbestekoa da, urruntze politikari amaiera ematea ezinbestekoa da, hauen eskubideak ez ezik, beraien familien eskubideak ere urratzen baitira. Beharrezkoa da salbuespeneko legediari amaiera ematea, gaixo dauden presoak kartzeletan mantentzea bideratzen duen mendeku politikaria amaiera ematea”, gaineratu dute.