Elena Beristain: "Nahi dugu erreferentziazko egoitza izan, pertsonarengan zentratutako egoitza"

Ubane Madera 2017ko abe. 29a, 18:10

Elena Beristain Artetxe egoitzako goiko terrazan.

Lan eskarmentu handiko pertsona da Elena Beristain Artetxe (Zarautz, 1973): langile soziala, administratiboa, soroslea, udaltzaina, dendaria eta gizarte laguntzaile izandakoa, besteak beste. Abuztuaren 16az geroztik, bera da Mesedeetako egoitzako zuzendaria. Soraluzera etortzeko, Donostiako eta Azpeitiako egoitza banatako zuzendari izateari utzi dio.

Zela halako aldaketa?

Lanposturako aukeraketa prozesuan 100 curriculumetatik gora nirea aukeratu ondoren, horixe berori galdetu zidaten, beldur zirelako ea egokituko nintzen ordura artekoa baino askoz proiektu txikiagora. Erantzuna hauxe da. Lehen aipatutako erakundeetan 100 langiletik gora egonda, galdu egiten nuen gustuko dudan langileekiko eta erabiltzaileekiko zuzeneko harremana, faltan igartzen nuen hori; batez ere gestio-lana egiten nuen. Bi lagunek eman zidaten lanpostu honen berri, elkarrizketara etorri eta zerbait berezia ikusi nuen.

Oso pertsona intuitiboa naiz. Umetatik. Segurutik ahizpa dudalako jaiotzatik buruko paralisiarekin. Mendekotasunaren gaia txikitatik bizi izan dut, beraz, pentsatzen dut hortik etorriko zaidala pertsonen arteko harremanarekiko zaletasuna, pertsonengan sinestea eta haiekin kontaktua izateko gogoa. Gainera, uste dut halako lanbide gogor eta emozionalean dabiltzan langileak gustura egotea lortuz gero, eta haiengan balore jakin batzuk bultzatzea lortuz gero, hemen ikasten dituzten balore horiek euren seme-alabei transmitituko dizkietela, eta, horrela, baloreetan askoz ere aberatsagoa den gizartea sortzen da. Azken batean, honako planteatzen ditudan helburuak nire buruarendako eta gizartearendako planteatzen ditudan berberak dira.

Zu bezalako pertsona baten ikuspuntutik, zela ikusten da Soraluzeko egoitza?

Hemen erabiltzailea eta familia egokitu behar ziren zentroaren dinamikara. Nire filosofia, berriz, hauxe da: gu egokitu behar gara erabiltzaileen beharretara eta gustuetara. Konplikatua dirudien arren, ez da horren zaila. Adibide bat: zergatik oheratu behar dira erabiltzaile guztiak batera eta ez eurek nahi dutenean, esaterako, telebistako saio gustuko bat ikusi nahi badute?

Horrekin batera, pertsona autonomoenen ahalduntzea bultzatuko dugu. Bestela esanda, eurek erabakiko dute zela nahi duten guk eurak zaintzea. Eta galera kognitiboa duten pertsonei dagokienez, landuko dira haien bizitzako historia eta euren gustuak. Familia guztiaren inplikazioarekin. Ezinbestekoa zaigu jakitea euren ohiturak. Euren bizimodua ezagutuz gero, ematen zaien zaintza askoz ere gertukoagoa eta beroagoa da-eta.

Oso garrantzitsua da familiak ere zentroan integratzea. Eta hori indartzeko, adibidez, kapera zegoen lekuan jangela egokitu dugu senitartekoek egoiliarrarekin bazkaldu-afaldu ahal izan dezaten.

Bestalde, barrura begira, ekipoan, lan-taldeetan antolatuta lan egiten dugu eta astero batzartzen gara erabiltzaileak baloratzeko. Batzar multidiziplinarrak dira. Helburu orokorrak, indibidualak eta ekintza-plana zehazten dira halakoetan, eta horretan guztian talde osoak parte hartzen du.  Gainera, Alkarrirekin, Gurutze Gorriko eta Nagusilaneko boluntarioekin ere lan egiten dugu. Orain nahiko genuke gazte boluntarioak ere lortzea, ikastetxeren batekin harremanetan jarrita.

Eta kanpora begira, batzarra egin dugu Mendaroko ospitalearekin, bi proiektu berritan gu ere sar gaitzaten: bata hemen ospitaleratuta egoteko aukera ematen duena, ospitalera joan nahi ez dutenendako; eta, bestea, patologia kronikoak dituztenei zuzeneko arreta egoitzan ematea ahalbidetzen duena, larrialdietara-eta joan beharrik izan barik.

Azken batean, nagusien egoitzetan, zorionez, garapen handia izaten ari dira aipatutako arloei dagokienez.

Aldiz, kasu gehienetan, egoitzara etortzea azken aukera izaten da, ala?

Soraluzek une honetan pertsona nagusi asko ditu eta badakigu askok ez dituztela egoitzak batere gustuko. Nahi duguna da zentro hau irekia izatea; gertu nago jakin-mina, zalantzak… dituen edozein herritarri ateak zabaltzeko, bertako lan-taldea ezagutu dezan, ikus dezan zela funtzionatzen duen. Eta, batez ere, jendeari ulertarazteko egoitza ez dela nagusiak “aparkatzeko” lekua, baizik eta haien bizi-kalitatea hobetzen laguntzen duen zentroa, hemen norbera dela erabakiak hartzen dituena, erabiltzailea, alegia. Orain inguruko jende asko dago, pasoko egoitza izan da. Baina bagabiltza ikusten kanpokoek joateko aukera izanda ere, ez dutela joan nahi. Hori horrela, nahi dugu erreferentziazko egoitza izan; pertsonarengan zentratutako egoitza, bertako langileak ere zaintzen dituen egoitza.

Gure langileei pertsona nagusiekin lan egitea gustatu egiten zaie; gaur egun, hori ikustea oso zaila da eta igarri egiten da. Zerbitzu osoa dugu:  erizain-taldea, medikua, langile soziala, psikologoa, animatzaile sozio-kulturala eta laguntzaileak, eta terapia ere egiten dugu txakurrekin. Horiek dira gure oinarrizko zerbitzuak. Horiez gain honakoak ere eskaintzen dira, gehiagarri gisa: podologia-zerbitzua, ile-apaindegia, fisioterapeuta, dentista, senideekin jatorduak egin ahal izatea, langileek bertan jatorduak egiteko aukera. Bestalde, laguntza-teknikoa eta aholkularitza-zerbitzua ematen dugu. Gainera, gure lehentasuna da bertako, herriko, jendearekin ematea zerbitzu guztiak. Zerbitzuren bat ez bada herriko jendearekin ematen da ez dugulako aurkitu.