Aspertzeko astirik ez dute Soraluzeko gazteek Gaztelekuko kideekin bat eginez gero. Ekin eta ekin dabiltza, opor egunak aprobetxatuaz, ez ohiko jarduerak eginez.
Horren erakusle herenegun, martitzena, sukaldaritza tailerra baliatuta bizkotxoa eta espagetiak prestatu zituzten, eta horren ondoren, bertan guztiek elkarrekin bapo afaldu, eta Eguberri on, Amona filma ikusi zuten.
Gaur, Txuri-Urdinera
Atzo, berriz, lehian jardun zuten, paintballaren antzera, baina laserrekin, Bilboko laser gunean. Eta gaur beste hiriburu bat bisitatuko dute, oraingo honetan, patinatzera joateko, Donostiako Txuri-Urdinera irteera eginez.
Datorren astean, gehiago
Oraingo astean gutxi ez, eta datorrenean ere beste hiru hitzordu antolatu dituzte: mendi-irteera martitzenean, sukaldaritza eta film emanaldia eguaztenean, eta Gabonetako ekitaldiak borobiltzeko, sorpresa izango dute gazteek eguenean.