Mendi-gaineko “futbol zelaia” erosi du Udalak

Ubane Madera 2017ko abe. 27a, 10:00

Mendi-gaineko 'futbol-zelaia'. Argazkia: Udala

Beste lursail  bat erosi du Udalak mendi-gainean. 26.289 metro karratu ditu eta mendi-gaineko gunerik lauena da, "bertako alerik ederrena" Iker Aldazabal alkatearen esanetan. Metro karratua 0,36 euroan eskuratuta, 9.464,04 euro ordaindu ditu Udalak mendi-gaineko“futbol zelaiarengatik”.

 

 

Lursaila eskuratuta, bertako pinudia bota egin dute; izan ere, Udalaren helburua da han belardiak sustatzea eta bultzatzea,“bertako ganadua (zaldiak, behiak, ardiak, orkatzak…) hor gustura egoten delako, laua delako eta belar ona irteten delako”, esplikatu du alkateak.

Edozein modutan, proiektu handiago baten zati da orain eskuratu duten lursaila. Horrela, azken hiru urtean mendi-gaineko ia sei hektarea eskuratu ditu Udalak, 59.000 metro karratu pasa, alegia. 

Mendilerroa balioan jarri

Aldazabalek esplikatu du inguru hura balioan jartzea dela helburua: “Badihardugu Kakarakate-Hirukurutzeta mendilerroa balioan jartzeko lanketa egiten Elgoibar, Bergara eta Soraluze udalerrien artean eta Debegesaren laguntzarekin. Gure apustua da Soraluzeko terrenoen barruan dauden lursailak erosten joatea, esandako moduan, balioan jartzeko. Izan ere, lau alor jarri nahi ditugu balioan: ingurumena, paisajea, ondare arkeologiko-historikoa (dolmenak daude) eta abeltzantza. Ze bultzatu nahi dugu larreak garatzea, ganaduak aukera izan dezan bertan bazkatzeko. Apustu inportantea da, eta erosketa horrekin puzzleko beste pieza bat eskuratu dugu; kasu honetan, lursail inportantea. Hurrengo urtera begira ere ipini dugu beste diru partida bat lursailak erosteko”.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Soraluzeko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 699 86 87 29 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @plaentxia kanalera.