Mariaje Gallastegi: “Jendearekin izandako harremana da nabarmenduko nukeen oroitzapena”

Ubane Madera 2017ko abe. 26a, 16:38

Mariaje Gallastegi mertzeriako mostradorean.

Mariaje Gallastegik, Merceria Mariaje dendako ugazabak, erretiroa hartuko du urtearen amaieran, saltokian 35 urteko ibilbidea egin ondoren. “Hasieran artiletxea izan arren, mertzeria izenarekin zabaldu genuen denda (1982ko abenduan), ze mertzeriaren barruan sartzen zen artilea, kremailerak, botoiak… eta ekartzen genuen guztia”.  

  • Noiz itxiko duzu?
  • Urte amaieran, abenduaren 30ean. 67 urte beteko ditut neuk ere abenduan.
  • Pozik, tristuraz, gogotsu…
  • Pozik nago baina pena ere ematen dit, ze oso lan atsegina da eta jendearekin dudan harremana oso ona da. Baina askatasuna behar dut dagoeneko. Lan aldetik, hori bai, oso polita eta entretenigarria da. Jendea ezagutzen da… Baina erretirorako garaia iritsi zait eta askatasuna behar dut. Jendeak esaten dit: aspertu egingo zara… Eta bai zera! Gauza mordoa egitea gustatzen zait-eta!
  • Zer esaten dizute betiko bezeroek?
  • Askok esan didate pena handia dutela.
  • Eta zuk zer esaten diezu?
  • Ohituko direla (barre), eta badudala erretirorako garaia… baina badakizu, jende askori ere ekartzen diet ogia, bestelako enkarguak egiten dizkiet…
  • Negozioari dagokionez, zein garapen izan du 35 urtean?
  • Oso egoera zaila bizi du orain. Salmentak asko jaitsi dira, bereziki 2008tik. Nik bezero onak izan ditut, baina askoz ere jenero gutxiago ekarrita. Denda txikian lan egitea oso zaila da gaur egun. Gazteek bestelako erosteko ohiturak dituzte…
  • Zer da ikusten dena, ez dagoela erreleburik dendariei eta erosleei dagokienez?
  • Gertatzen dena da gazteak merkataritza zentro handietara joaten direla. Han denetik dute eta han erosten dute.Eta zentro handiekin ezin dugu lehiatu dendari txikiok. Ondorioz, denda txikiak ez du lehengo moduan saltzen. Edo erretiratuei dagokienez, haiei ez badizkiete pentsioak handitzen, ezin dute lehengo moduan erosi. Ni oso gustura egon naiz, baina gezurra esango nuke krisia igarri ez dudala esango banu. Jendeak orain gutxiago erosten du.
  • Beti izan duzu saltokia leku berean?
  • Bai. Hasieran artiletxea izan zen, mertzeriako produktuekin. Baina artilearen erabilera jaitsi egin zenean, jantzigintza handitu egin zelako, hasi nintzen lentzeria, kortse-produktuak eta jantziak ekartzen. Artiletxearekin bakarrik egon nintzen 1983tik 1992ra arte-edo.
  • Horrenbeste urteren artean, ze oroitzapen nabarmenduko zenuke?
  • Jendearekin izan ditudan berriketaldiak. Jendearekin izandako harremana. Oso lan atsegina izan da, egia esan.