Emozioa, irribarreak, poza… eta opari mordoa utzi dituzte Soraluzen Mari Domingik eta Olentzerok

Ubane Madera 2017ko abe. 26a, 18:00

Eskuzabal etorri ziren Mari Domingi eta Olentzero Gabon bezperan Soraluzera. Eta eskuzabal hartu zituzten soraluzetarrek. Kiroldegirainoko kalejiran, naturan, osasunean eta kulturan oinarritutako hiruna opari eman zizkieten soraluzetarrek Mari Domingiri eta Olentzerori, urtero-urtero eurek egiten duten ekarpena eskertzeko.

Ohi deneaz, etxeko gaztetxoenek urduritasunez eta emozioz gainezka itxaron zuten Olentzeroren eta Mari Domingiren etorrera. Galtzagorrien laguntzarekin etorri ziren haiek, Elizburu kaletik behera; eta zain zuten gurdira igo ondoren, kalejira abiatu zen, Plaza Zaharrean lehen geldialdia eginez.

Eguzki-lorea

Izan ere, hantxe zuten zain lehen sorpresa: oihal akrobazia erakustaldia. Hura bukatuta, egurrezko eguzki-lorea eman zieten opari, naturaren ekarpen gisa. Mari Domingik-eta irribarrez eta esker-onez hartu zuten berau; eta horren ondoren, karpapean denok elkarrekin abestu eta aurrera segitu zuen kalejirak, Gabolatseko zubi txikiraino.

Gatzatua

Hantxe zegoen bigarren oparitxoa: urrezko ilea urrezko orraziekin orrazten zebiltzan bi lamina zain zeuden, kalejirako partaideak aho zabalik utziz. Laminek euren istorioa kontatu eta gatzatu bete kaiku oparitu zieten Olentzerori-eta, maitasunaren irudi.

Aurrera segitu zuen ondoren kalejirak, Ezoziko biribilguneraino; eta hantxe jaso zuten Olentzerok eta Mari Domingik hirugarren sorpresa: Basajaunen berbak entzun ondoren, Soraluzeko Urrats Dantza taldeko dantzari gazte hainbatek dantza saioa eskaini zien, eta kulturak ematen duen aberastasunaren adierazle, liburuxka bana oparitu zieten.

Gutunak

Sorpresak amaituta, kiroldegirako bidea hartu zuen kalejirak; eta han goxo-goxo hartu zituzten soraluzetar txikien gutunak, kontakizunak, eskaerak eta muxuak Mari Domingik eta Olentzerok. Zela ez, eurek ere gertu zituzten opariak: ogi gozoa, urteroko ohiturari eutsiz, eta opari bana ume guztiendako. Opari hezitzaileak, gainera, guztiendako berdinak.

Bisita soraluzetarrekin partekatu ostean, norbere etxera abiatu, eta gauean lan magikoa isilean egin zuten Olentzerok eta Mari Domingik, soraluzetarren etxeetara opari ugari eramanez, Batzuk umeek eskatutakoak, beste batzuk ezustean ekarritakoak; edozelan ere biharamuna ederra izan zen etxe gehienetan Olentzerori eta Mari Domingiri esker.