Badatoz Mari Domingi eta Olentzero, eskuzabal etorri ere

Ubane Madera 2017ko abe. 23a, 11:22

Olenzerorendako eta Mari Domingirendako aterpea muntatzen ibili ziren taldekide batzuk.

Bidean dira Mari Domingi eta Olentzero, domekan Soraluzen eurekin egingo den kalejirara etortzeko. Bihar, 11:30ean txalaparta, adarra eta irrintzia baliatuta dei egingo diete herriratu daitezen eta Galtzagorrien laguntzaz Elizburuko eskaileretatik behera jaitsiko dira Zubi Nagusiraino. 

Han zain izango dituzte herritar mordoa: neska-mutiko eta gazteak, gehienak, guraso ugari ere bai, eta baita herriko hainbat elkartetako kideak ere, adibidez, etorrera musikaz lagunduko duen Soraluzeko Musika Eskolako kideak, edo kalejiran lagunduko duten eskolako eta guraso elkarteko kideak. Izan ere, guztiak batera abiatuko dira kalejiran, Olentzero eta Mari Domingi gurdira igo ondoren.

Ibilbidea ohikoa izango da: Ezozi bideko biribilguneraino igo eta han buelta hartu, kiroldegiko frontoiraino. “Baina ibilbidean sorpresak izango dira aurten”, aurreratu dute kalejiraren antolatzaileek, Kukumixoko kideek.

Osasuna, maitasuna eta hizkuntzen indarra

Sorpresak ezin ditugu argitu, noski, baina bai sorpresak izango duen nolabaiteko izaera. Hori horrela, beraz, adieraz dezakegu sorpresak Olentzeroren eta Mari Domingiren etxolaren bueltan, aurten, transmititu nahi izan diren hiru mezuetan oinarritutakoak izango direla.

Honakoa esplikatu digute Kukumixoko ordezkariek: “Osasuna, hizkuntza-aniztasuna eta maitasuna ekarri dute aurten Mari Domingik eta Olentzerok etxolara. Osasunari dagokionez, horren adierazle da aurten bertan ipinita dagoen sendabelarren ortua. Hizkuntza-aniztasunari dagokionez, etxola ondoko kulturaren errotan adierazi dira Plazentzian mintzatzen diren hainbat hizkuntza; maitasunari dagokionez, ostera, etxola barruko kazolaran maitasuna bor-borka ekarri dute Mari Domingik eta Olentzerok, gero etxeetara barreiatzeko”.

Gutunak hartzen, kiroldegian

Ibilbidea eginda, ohi den moduan, kiroldegian jarriko dira Mari Domingi eta Olentzero umeak eta gazteak haien magalean hartu eta idatzitako gutunak jasotzeko. Antolatzaileek gogora ekarri dute kalejiran parte hartzen dutenek izango dutela lehentasuna. Gainera, Olentzerok eta Mari Domingik opariak emango dizkiete bertaratzen direnei, Arizagakoek egindako ehunka opil goxo, besteak beste.

Guztia gertu dago, bada, egun magikorako. Antolatzaileek parte hartu behar dutenei eskatu diete baserritar janzteko eta helarazten diren jarraibideak errespetatzeko.