Udal Gobernuari erantzuna, EH Bilduren eskutik

Ubane Madera 2017ko abe. 22a, 16:30
Oposizioko kideak aurrekontuaren kontra bozkatzen.

“Urduri eta deseroso dago Udal Gobernua”; hala uste du EH Bilduk, aurrekontuari egindako emendakinaren harira jasotako erantzuna dela-eta. Oposizioko alderdiak uste du “2018ko udal aurrekontuak justifikatu ezinean” dabilela EAJk eta PSE-EEk osatutako Udal Gobernua. “Egoera horretan autokritika egitea aukera zezaketen”, gaineratu dute, besteak beste. 

Hiru puntutan zera erantzun dio EH Bilduk Udal Gobernuari.

Lehenengo puntuan azpimarratu dute euren proposamenarekin “agerian” utzi nahi izan dutela “askoz aurrekontu hobeak eduki zitzakeela Soraluzek”. Puntu berean eta ekarpenak egiteko marjinarik ez dutela izan arrazoitzeko, zera azpimarratu dute: “Zuek aurretik esaten badiguzue ez zaudetela ezer aldatzeko prest eskubide eta legitimitate osoa daukagu gure irakurketa eta proposamenak noiz eta nola egin erabakitzeko (…) Aurrekontuen aurkezpen egunean galdetu genizuen zergatik etxebizitza planerako ez zegoen inolako partidarik (alderdi guztiek 3 plenotan konpromezua hartuta daukagu Etxe Hutsen errekargotik jasotzen den dirua etxebizitza politiketan erabiltzeko). Jaso genuen erantzuna: isiltasuna”, gaineratu dute.

Bigarren puntuan, eta Gipuzkoako Diputazioaren zuzeneko diru-laguntzaren harira, EH Bilduk salatu du hori dela “opari politiko-partidista-elektoralista”. Eta ondorioz, halakoak “zertarako erabili oso, oso negoziagarria izan daitekeela pentsatzeak” badaukala logika uste dute.

Eta hirugarren puntuan, eurek proposatutako ekintzak interes orokorrekoak ere badirela defendatzen dute. “Nolatan esan daiteke enpleguan, mugikortasunean, hezkuntzan, energian, etxebizitzan eta kirolean inbertitzea ez dela interes orokorrekoa?”, adierazi dute. Horrekin batera, besteak beste, jakinarazten diote Udal Gobernuari “oraindik garaiz dagoela EHBilduk egindako proposamenak aurrekontuan txertatzeko”.