EH Bilduri erantzuna, Udal Gobernuaren eskutik

Ubane Madera 2017ko abe. 22a, 14:04
Udal Gobernua aurrekontuaren alde bozkatzen.

2018ko udal aurrekontuari EH Bilduk aurkeztutako “emendakinaren inguruko azalpenak” helarazi ditu Udal Gobernuak. Laburbilduz, EAJk eta PSE-EEk gogora ekarri dute “15 eguneko epea eman” zitzaiela “proposamenak mahai gaineratzeko eta adosteko”, eta adierazi dute, “argi” geratzen zaiela “proposamen hauek aurkeztearen arrazoia 2018ko aurrekontuari ezetza emateko justifikazio hutsa” dela.

Lau puntu baliatuta eman ditu azalpenak Udal Gobernuak.

Lehenengo puntuan EH Bilduri gogora ekarri diote “aurrekontu negoziaketa prozesua” landu dela “aurreko urteetan moduan” eta berdin egin zela “aurreko legealdian ere beraiek gobernuan zeudenean”. Bestela esanda, 15 egun eman zitzaiela “proposamenak egin eta adosteko”. Aldiz, oposizioko alderdiak ez duela halakorik egin, osoko bilkuraren egunera arte. Hori horrela, honako galdera egin die Udal Gobernuak: “Hilabete luze ondoren, EH Bilduk hain garbi bazuen adostasunerako marjinarik ez zegoela, nola espero zuen beraien proposamenak adostea azken momentuan aurkeztuz, Osoko Bilkura egunean bertan? Argi gelditzen zaigu proposamen hauek aurkeztearen arrazoia 2018ko aurrekontuari ezetza emateko justifikazio hutsa, besterik ez dela izan”.

Bigarren puntuan, Udal Gobernuak dio EH Bilduk “aurkezturiko proposamenak oinarrian akatsa” daukala, Gipuzkoako Foru Aldundiak emandako diru-laguntza zuzena ezin delako erabili kiroldegikoa ez den “beste proiektu batzuk finantzatzeko”.

Hirugarren puntuan diote “EH Bilduk proposatutako ekintzak kolektibo zehatzen beharrak asetzeko bideratuta” daudela; eta Udal Gobernuarenak, berriz, “herritar guztien beharrak asetzen” dituela, “interes orokorra kontuan hartuta”. Kiroldegian eraikiko den gune  berriak, ez dituelako “bakarrik kirol beharrak asetuko baita kultur gabeziak ere ugariak bai dira herrian”.

Eta laugarren puntuan, esplikatu dute gastuak 120.000 eurotan handitzearen arrazoiak direla “bereziki, ludotekako eta gaztelekuko begiraleen soldatak, kiroldegiko langileenak eta eraikin publikoen  garbiketa burutzen duten garbitzaileenak egokitzeko”.